LAN KODEAREN AURKAKO PROTESTAK

Findegien blokeatzeak erregai erreserbak erabiltzera behartu du Frantzia

Sindikatuen protesten ondorioz, gasolindegien %20ri guztiz agortu zaizkie ezantza eta gasolio deposituak. Erreserbok gutxienez bi egunez erabiliko dituzte, baina egoerak okerrera egiten badu, gobernuak prest ditu "hiru hilabeterako" erreserbak.

Frantziako zenbait gasolindegi itxi dituzte gaur, erregai eskariari aurre egin ezinik. Irudian, Denain udalerrikoa. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko maiatzaren 25a
22:02
Entzun

Frantziako zenbait gasolindegitan erregairik geratzen ez zaiela dioten afixak ikus daitezke gaur. Sindikatuek astelehenetik daramate petrolio findegi eta biltegiak blokeatzen, lan kodearen erreforma salatzeko. Okupatze horien ondorioz ezantza eta gasolioa amaitu da gasolindegi ugaritan. Eskasia horri aurre egiteko, erregai erreserbak erabiltzeari ekin diote, gobernuak hala baimenduta.

Erreserbok bi egunez erabiliko dituztela zehaztu du Frantziako petrolio industriaren elkarteko presidente Francis Duseuxek. Halere, ez dio atea itxi egun gehiagoz luzatzeko aukerari. Egoerak okerrera egiten badu, hiru hilabetez erabiltzeko erreserbak dituztela jakinarazi du Duseuxek. Agerikoa izaten ari da sindikatuen blokeoaren eragina: gasolindegien %20ri guztiz agortu zaizkie deposituak.

Herrialdeko zortzi findegiak geratuta daude atzotik, CGT, FO eta SU sindikatuen ekimenez, eta egoerak ez du berehalakoan aldatzeko zantzurik. Frantziako Poliziak indarrez bota zituen herenegun —ur kanoiak eta negar gasa erabilita— lan koadearen erreforma salatzeko Fos-sur-Merreko petrolio findegia okupatu zuten grebalariak. Frantziako Gobernuko bozeramaile Stephane Le Follek argitu du "egin beharreko guztia" egingo dutela petrolio findegien blokeatzeak eten eta erregai hornidura bermatzeko. Ildo horretan, desblokeatze gehiago egin ditzaketela iradoki zuen atzo Manuel Valls lehen ministroak: "Nahikoa da! Findegi gehiago liberatuko ditugu".

Aire kontrolatzaileen txanda

Arlo horretako mobilizazioei energia sektorean gaurko iragarritako protestak batu zaizkie: Paris hego ekialdeko Nogent sur Seine udalerriko zentral nuklearreko erreaktore batean greba egingo dute langileek. Abiadura handiko trenen laurdenak ere ez du eguneroko maiztasuna izango, eta Ile-de-France eskualdeko aldiriko tren zerbitzua ere bertan behera geratuko da.

Grebak, gainera, Frantziako hiru tren zerbitzutik bati eragingo dio, azken asteotan gertatu bezala. Biharko, berriz, aire kontrolatzaileak deitu dituzte lanuzteak egitera. Badaezpadako neurri gisa, Paris hegoaldeko Orly aireportutik atera eta lur hartzekoak ziren hegaldien %15 bertan behera utzi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.