LAN OSASUN ETA SEGURTASUNA

Finkoek halako 2,5 istripu nozitzen dituzte aldi baterakoek

Lan prekarioak «hil egiten» duela eta istripuen kopuruak «onartezinak» direla salatu du ELAk

Irune Lasa.
2005eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Azpikontratetan jarduten duten langileak izan ziren iazko lan istripu larrien %58 jasan zituztenak. Lan harreman hori zuten baita hildakoen %65ak. Azpikontratetako eta aldi baterako langileek 2,5 istripu gehiago nozitzen dituzte lanean, langile finkoekin alderatuta. Datu horiek oinarri, «lan prekarioak hil egiten» duela salatu zuen atzo ELA sindikatuak, datorren astean, hilaren 28an ospatuko den Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren harira, eta azken hilabeetan prekarietatearen aurka egiten ari den kanpainaren barruan.

Iaz, jaitsi egin zen lan istripuen kopurua Euskal Herrian.Baina, estatistiketako kopuru handiek ez dutela guztia esaten salatu zuen atzo Eustakio Urangak. «Ikerketak, zigorrak edo irudian galerak saihestearren, enpresak ez dituzte lan istripuak aitortzen». Luis Miguel Saenzek adibide bat jarri zuen: kalitate ziurtagiria lortzearren, langilea soldatarekin etxera bidaltzea nahiago dute enpresaburuek, istripua aitortzea baino. Enpresaburuen «zikoizkeriari» egotzi zioten hein handi batean istripu kopuruaren errua. «Langileen eskubideak ahultzen ditu sistemak eta, pipiak egurrarekin egiten duen bezala, azkenean itxura ona da, baina barrutik janda dago, erabat hauskorra da», salatu zuen German Kortabarria ELAko idazkari nagusiaren albokoak. Haren ustez, istripuak langileen esplotazioarekin lotzen ez badira ez zaio auziari behar bezala helduko. «Ugazabek baldintza malguagoak nahi dituzte, baina, horiek langileentzat baldintza lotuagoak dira». Istripuez gain, lan gaixotasunen «izurrite ezkutua, izurrite ezkutatua» salatu zuen Kortabarriak. Gaur egun, Hego Euskal Herrian indarrean dagoen gaixotasun profesionalen koadroa 1978koa da, «erabat zaharkitua», eta hainbat gaixotasun profesional ez ditu aintzat hartzen; ondorioz, langileek auzibidea hartzera behartuta daude horrelako bat nozitzen dutenean. Administrazioaren utzikeria ere salatu zuten ELAkoek. 1993an sortutako Osalanekbere helburuak, «lantegietara bertara joatea» adibidez, ez dituela bete salatu zuten, eta «datu-banku soil» bilakatu dela. Osalaneko zuzendari Natxo Murgiak adierazpenoi erantzun zien, utzikeria salaketak «larriak eta arduragabeak» direla esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.