Basabürüko 16 auzapezetatik bederatzik erabateko arbuioa agertu zioten atzo Zuberoako Herri Elkarteak indarrean jarri nahi lukeen TPU lanbide zerga bateratuari.
Altzai-Altzabeheti-Zunharreta, Etxebarre, Hauze, Larraine, Lexantzü, Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Montori eta SantaGraziko alkateen iritzian, zerga horrek, Herri Elkarteen mailan finkatuta egonik, udalerrien autonomia ahalen galera handia ekarriko du. Xiberoa Herri Elkartearen ustez, berriz, lanbide zerga bateratua egotea garatze baliabide garrantzitsua da herrialdearentzat, harmonizazio tresna baita lurralde oso batean. Neurriari arbuio diotenentzat, aldiz, TPUren jartzeak ondorio kaltegarriak eragingo ditu, udalerri aberatsentzat «egoera egonkorra finkatuko baitu»;besteentzat, alderantzizkoa gertatuko da, hots, «herriaren garapena bultzatzeko daukaten baliabide bakarretatik bat lanbide zergaren finkapena, alegia galduko baitute». Jean-Marc Peillen Ligiko auzapezak adierazi zuenez, «garapena elkarren artean eratzen den zerbait da; ez, ordea, batzuen nahikundez eta gehiengo baten boterez nahitaez ebazten den zerbait. Peillenen eta beste zortzi alkateren ustez, «udalerriak izan behar du edozein garapenen oinarria » eta «oraindik frogatzekoa da lanbide zerga bateratua garapen tresna izango dela»; nolanahi ere, haien ustez, «TPU hori indarrean jartzearekin, ez da orain baino gehiago egiteko ahalik izango». Udalerrien erabakitzeko ahala murrizteaz gain, ekonomia alorrean TPUren indarrean jartzeak eraginkortasunik izango duen zalantzan ezarri zuen Nathalie Irigoien Etxebarreko auzapezak: «Enpresen iritzia jakin behar litzateke; euren kalkuluak egiteko denbora eman behar zaie ». Atzoko prentsaurrekoa antolatu aitzin, euren kezkak Xiberoa Herri Elkartearen barnean entzunarazten saiatu direla esan dute bederatzi alkateetatik seik Hauze, Larraine eta Santa Grazikoak hasieratik Zuberoa osorako herri elkarteat eratzearen aurka ziren, baina ez zaiela arretarik eman salatu zuten atzo. Agerian utzi zuten atzo gauzek bide horretan jarraitzen badute ez daitekeela bazter Basabürüko edo Atharratzeko kantonamenduko herri elkarte baten sortzea.
FISKALITATEA. Lanbide zergak kolokan jarri du Zuberoako Herri Elkartea
Basabürüko bederatzi alkatek udalerrien autonomia galtzea salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu