Fluitecnik enpresak 2,2 milioi euro inbertitu eta 46 enplegu sortuko ditu Altsasun

Gamesako fabrikaren instalazioetan ezarriko du lantokia eta modulu fotovoltaikoak ekoizten apirilean hasi nahi du

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Fluitecnik-ek hartuko du Altsasuko Gamesaren lekukoa. Atzo, Nafarroako Gobernuaren kontseilu osteko prentsaurrekoan, Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak iragarri zuen Altsasuko Gamesa zenaren instalazioetan ezarriko duela Fluitecnikek lantokia. Bertan modulu fotovoltaikoak ekoitziko dituzte. Fabrika egokitzeko obrak azaroaren amaiera aldera hasiko dira, eta asmoa da apirilerako hastea ekoizten. Fluitecnikek 2,2 milioi euro inbertituko ditu, eta lehen fase batean, 46 enplegu sortuko ditu. Lehentasuna maiatzean Gamesak kaleratutako 79 langileek izango dute.

Maiatzean Espainiako Lan Ministerioak onartu egin zuen Altsasuko lantokia itxi eta 151 kontratu eteteko Gamesak aurkeztutako lan erregulazioko espedientea. Gamesak 151 langileetatik 71 taldearen beste fabriketan ezarri bazituen ere, 79 langile kalean geratu ziren. Garai hartan, Sanzek promes egin zuen beste berrindustrializazio ekimen baten bidez lana bilatuko ziela. Atzo, Jorge Calvet Gamesako presidentearekin eta Alberto Madoz Fluitecnikeko zuzendari nagusiarekin batera eman zuen egitasmoaren berri Sanzek.

Urtean 30 megawatt

Fluitecnik 1990ean sortu zen Iruñean, eta gaur egun 279 langile ditu, horietatik 154 Euskal Herrian. Madozen arabera, gaur egun Portugalen duten fabrikaren modukoa izango da Altsasukoa, eta bi produkzio linea izango ditu. Urtean 30 megawatt sortzeko ahalmena duten moduluak ekoitz ditzakete bertan. Madozen ustez, «nahiz eta sektorea gaizki pasatzen ari den Espainian, munduko merkatua asko hazten ari da». Instalazio fotovoltaikoak bikoiztu egingo direla deritzo, eta, hartara, etorkizunean enplegu gehiago sor ditzaketela uste du.

Jorge Calvetek, berriz, gezurtatu egin du Gamesak Nafarroan enplegu gehiago murriztuko duela. «Altsasun egin behar izan duguna saihestezina zen, baina doikuntza gehiagorik egingo dugula irmo ukatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.