Galdakaoko (Bizkaia) Formica lantegiaren ekoizpena bertan behera geratuko da. Erabakia «behin betikoa» dela iragarri zuen atzo zuzendaritzak, eta, beraz, lantegia itxi eta 170 langile kaleratuko ditu. Atzerako bueltarik ez duen erabaki horrekin, erregulazio dosierraren baldintzak negoziatzeko deia egin die sindikatuei. Horiek «hobetzeko» prest dago zuzendaritza; akordiorik lortu ezean, ordea, hogei eguneko kalte-ordaina jasoko dute langileek lan egindako urte bakoitzeko, hamabi hilabeteko gehienezko mugarekin. Dosierra negoziatzeko epea asteazkenean amaituko da, hain zuzen.
Enpresa batzordeak bost bilera egin ditu zuzendaritzarekin, eta horien ondoren langileen ordezkariek salatu dute zuzendaritzak uko egin diola bideragarritasun plan batez hitz egiteari. Akordiorik ez badago, epaitegietara jotzea aztertuko dute. Bien bitartean, gaur manifestazioa egingo dute Galdakaon, 19:00etan.
Celsa Atlanticeko enpresa batzordeak ere lanpostuei eusteko ahaleginetan dihardu. Laminaciones Arregui ohiaren Gasteizko eta Urbinako lantegietan greba mugagabean dira, baina «benetako» negoziazio bat hasiko balitz, greba bertan behera uzteko prest leudeke. Zuzendaritzak bilera egin nahi ez duela ikusita, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zerrendaburu izango direnekin elkarrizketak hasiko dituzte, babes bila. Zuzendaritzak 352 langileak kaleratzeko asmoa du—dagoeneko 178 kaleratu ditu—.
Mobilizazioak Lemoan
Cementos Lemonako enpresa batzordeak ez du baztertzen greba mugagabea egitea. Lanuztera deitu dute urriko astearte, ostegun eta larunbat guztietan, baina zuzendaritzak langileren bat kaleratzen badu, greba hasiko dute. Lantegiaren jabeak, Portland Valderrivasek, 34 langile kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du. Baldintzak Bizkaiko plantan negozia ditzaten nahi du enpresa batzordeak, eta ez Madrilen, orain arte egin bezala.
Michelin enpresako zuzendaritzak proposatu du irailaren 30ean amaitu zen aldi baterako erregulazio dosierra luzatzea, orain arte ez delako ekoizpena «hobetu».Baldintzei eutsita, 2013ko urtarrilaren 31ra arte luzatu nahi du. Neurriak Lasarteko (Gipuzkoa) eta Gasteizko lantegietako 2.200 langileri eragingo die.LABek salatu du langileen soldatez baliatzen ari direla ekoizpenaren gorabeherei aurre egiteko.
Formicak ez du atzera egingo Galdakaoko itxieran
Negoziazioa badago, Celsa Atlanticen Gasteizko eta Urbinako lantegietan prest daude greba uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu