Galdakaoko (Bizkaia) Formica enpresa ez ixteko azken aukera izan daiteke. Enpresaren jabeak, Fletcher Building taldeak, lantegia itxi eta 170 langile kaleratzeko erregulazio dosier bat aurkeztu du jada, baina langile batzordeak eta hainbat erakundek egindakoahaleginek itxaropenerako zirrikitu bat utzi dute zabalik. Zirrikitua txikia da, ordea. Astebete baino lehen Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiko eta Galdakaoko Udaleko ordezkariek txosten bat aurkeztuko diote zuzendaritzari, itxiera saihesteko azken aukera gisa.
Hiru erakundeetako ordezkariak Formicako buruekin bildu ziren ostegun arratsaldean Bilbon. Bileraren ondoren jakinarazi zuten zuzendaritzak enpresa ixteko duen asmoa «irmoa» dela, eta hala baieztatu zuen atzo Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Hala ere, Galdakaoko lantegia «bideragarria» dela frogatzeko eginahalak azkeneraino egin nahi dituzte. Zuzendaritzari aurkeztuko dioten txostenean, enpresak zabalik jarrai dezan erakunde publikoak emateko prest dauden laguntza jakinaraziko diote.
Langileek —205 guztira— oraindik ez dute amore eman. Edozein laguntza «ongi etorria» dela diote, eta behin betiko erabakia heldu bitartean mobilizazio gehiagoegingo dituztela iragarri dute. Langileek astelehenean bozkatuko dituzte langile batzordeak proposatutako mobilizazioak, eta orduan jakinaraziko dituzte neurri zehatzak. Asteartean, berriz, langile batzordea lan ikuskaritzakoekin bilduko da —ohikoa tramitea da erregulazio dosier bat aurkeztu ondoren—. Batzorde hori ELAko bost ordezkarik, LABeko hiruk eta CCOOko batek osatzen dute.
Formicako langileek 66 urte daramatzate dekoraziorako xaflatua egiten —2007tik da Fletcher Building taldea enpresaren jabe—.
Asteartea egun erabakigarria izango da Celsa Atlantic enpresako langileentzat —Laminaciones Arregui deitzen zen lehen enpresa—. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egun horretan ebatziko du zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio dosierra bidezkoa den edo ez. Araban dituen bi lantegiak —Gasteizen eta Urbinan— itxi eta langile guztiak kaleratzeko asmoa du. Hori ikusita, langile batzordeak dosierra baliogabe jotzea espero du, ez dituelako biltzen enpresa ixteko «zergati ekonomikoak eta ekoizpenari lotutakoak».
Langile batzordeak beste salaketa bat eramango du auzitegira. Haren arabera, orain arte kaleratu dituzten 178 langileetatik gehienak «zuzendaritzaren asmoen aurka» egiten duten sindikatuetakoak dira; horietatik lau, langile batzordeko kideak.
Celsa Atlanticeko langileek lau hilabete daramatzate greban, negoziatzeko aukerari ateak irekita. Langile batzordeak jakinarazi du hilaren 5ean fax bat bidali ziola zuzendaritzari, negoziaziorako mintzaideak alda ditzala eskatzeko. «Oraindik ez da erantzutera makurtu».
Salaketa lan ikuskaritzan
«Asmo txarrak» ikusten dituzte langileen ordezkariek zuzendaritzan. Informazioa ezkutatu dutela salatu dute, bai langileei, bai erakundeei, baita lan ikuskaritzari ere. Azken horretan esku hartu du langile batzordeak. «Beldurtu» nahi izatea leporatu dio zuzendaritzari, eta gaineratu du greban ari ziren hainbat langileri kaleratzeko «mehatxuak» egin dizkiela.
Arabako enpresa historikoetako bat da Laminaciones Arregui. 1958. urtean sortu zen, eta metalezko hodiak eta zumitzak ekoizten egiten du lan. 1996. urtetik Celsa Atlantic taldearen eskuetan dago.
Formicako eta Celsako langileak, itxiera saihesteko azken geltokietan
Bi zuzendaritzek erregulazio dosierrak aurkeztu dituzte, eta hurrengo astea izan daiteke erabakigarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu