Foruko Rinder enpresak zortzi langile kaleratu ditu

Jaurlaritzak espedientea onartzen badio, hamabost langile bidali nahi ditu; onartzen ez badio, 30

Miren Garate.
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Iazko ekainetik aurtengo irailera bitartean erregulazioan egon dira Foruko (Bizkaia) Rinder enpresako langileak. Beste espediente bat aurkeztu du orain zuzendaritzak. Urtebetean, kontratua eten nahi die 96 langiletatik 76ri. Horrez gain, arrazoi objektiboak argudiatuta, zortzi langile kaleratu ditu. Jende gehiago bidaltzeko mehatxua egin duela salatu du Jon Iñaki Alkorta LABeko Busturialdeko metaleko arduradunak. Egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur LABek, ELAk eta UGTk. 12:00etan izango da, enpresaren egoitza aurrean.

«Eusko Jaurlaritzak espedientea onartzen badu, dosierra indarrean jarri eta beste hamabost langile bota nahi ditu. Eta onartzen ez badu, pixkanaka-pixkanaka, legeak baimentzen dion heinean, 30 kaleratzea», adierazi du. Langileetako askok 25 eta 35 urte artean daramatzate enpresan, eta 50 urtetik gora dituzte. Sindikatuen arabera, azken hiru urteetan bederatzi milioi euroren etekinak jaso dituzte akziodunek.

Foruan sortu zen Rinder, baina gaur egun beste hainbat lantegi ditu Euskal Herrian nahiz atzerrian. «Hemen sortu zen enpresa, eta gero, hemendik, taldea osatu dute; Gasteizen, Zamudion, Indian ere ireki dituzte lantegiak,hemengo bermeekin».

Alkortaren esanetan, lehen beti Foruan egiten zen lehen produktua. Gaur egun, lan hori Gasteizera eraman dute. «Foruan ordezkoak bakarrik egiten dira. Taldea hemengo etekinekin sortu zen, eta gero hemen ez dagoela lanik esaten digute, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen. Hori berdin zaiela esaten digute, nahiago dutela Gasteizen edo Zamudion inbertitu».

Erregulazioan, kaleratzeak

Bizkaiko beste enpresa batean ere egingo dituzte mobilizazioak, Gatikako Troqueleria Eredun. Erregulazioan daude langileak, eta zuzendaritzak horietako bi kaleratu eta beste bost botatzeko mehatxua egin du. «Langileak egiten ari diren esfortzua gutxietsi du», salatu du CCOOk. Elkarretaratzea egingo dute gaur, 12:00etan, herriko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.