Frantziak 3-6 zentimo merkatuko ditu erregaiak

Gobernuak, ekoizleek eta banatzaileek hitzartu dute jaitsiera, eta hiru hilabete iraungo du

jakes goikoetxea
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Erregaien prezioek goia jo dute Euskal Herrian: berunik gabeko 95 oktanoko gasolina litroak batez beste 1,64 euro balio du Ipar Euskal Herrian, eta 1,48 Hego Euskal Herrian; gasolio litroak, berriz, 1,49 Ipar Euskal Herrian eta 1,39 Hego Euskal Herrian.

Frantziako Gobernuak, egoera arintzeko, merkatu egingo du erregaien prezioa. Neurria behin-behinekoa da, gaur jarriko da indarrean eta hiru hilabete iraungo du. Gobernuak eta petrolio ekoizleek eta erregai banatzaileek beren gain hartuko dute jaitsiera. Ekoizleek eta banatzaileek erregai litroaren prezioa gehienez hiru zentimo jaitsiko dute ; Frantziako Gobernuak, berriz, erregai litroko zergak hiru zentimo apalduko ditu.

Jaitsiera gasolina zerbitzuguneen araberakoa izango da. Gerta daiteke gasolina zerbitzugune batek berari dagokion zatia ez merkatzea, baina bai estatuari dagozkion hiru zentimoak; beraz, litroko hiru zentimokoa gutxienez eta sei zentimokoa gehienez. Petrolio enpresa eta erregai banatzaile nagusiek esan dute prezioak merkatuko dituztela. Ez dute esan zenbat. Erregai litroa sei zentimo merkatuta, erabiltzaileak hiru euro aurreztuko du 50 litroko gasolina tankea daukan auto batean.

François Hollande Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan agindu zuen neurriak hartuko zituela erregaien prezioa merkatzeko. Pierre Moscovici Ekonomia ministroak atzo iragarri zuen 2013ko aurrekontuen proiektuan «neurri iraunkorragoak» onartuko dituztela erregaien garestitzea arintzeko.

Erregai prezioaren jaitsierak eragina izango du Frantziako Gobernuaren zerga bilketan. 300 milioi euro gutxiago biltzea espero du. Aintzat hartu behar da erregai litroagatik ordaintzen den euro bakoitzeko 60 zentimo zergei dagozkiela.

BEZaren igoera Hegoaldean

Ipar Euskal Herrian, erregaiak merkatu; Hego Euskal Herrian, garestitu. Larunbatean jarriko da indarrean balio erantsiaren gaineko zergaren igoera (BEZ). Erregaien kasuan, tasa orokorraren igoerak —%18tik %21era— eragingo die. Gasolina litroa 3,6 zentimo garestituko da, eta gasolioa, 3,5 zentimo, Espainiako Petrolio Produktuen Operadoreen Elkartearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.