Frantziak baldintzak jarri dizkie ostalariei BEZa jaisteko

Jatetxeetako eta tabernetako jabeei konpromisoa eskatu die inbertsio, soldata eta prezioetan

2009ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Balio Erantsiaren Zerga (BEZ) murriztua jatetxeetan eta tabernetan ere aplikatzeko baimena eman zion herenegun Europak Frantziari. Baina orain BEZa zenbat jaitsiko den erabaki behar da, eta atzo eztabaida hasi zuten Frantziako Gobernuak eta ostalariek. Gobernua, printzipioz, prest agertu da BEZa jaisteko, baina ez edozeren truke: hainbat baldintza betetzeko «bermea» eskatu die ostalariei.

«Sektoreak inbertsioetan, soldatetan eta prezioetan hartzen duen konpromisoen araberakoa izango da jaitsiera», adierazi zuen Luc Chatel Gobernuko bozeramaileak.

Atzo Christine Lagarde Ekonomia eta Finantzetako ministroarekin eta Herve Novelli Komertzio eta Turismoko estatuko idazkariarekin bildu zen Nicolas Sarkozy presidentea. Bileraren nondik norakoen berri eman ez zuten arren, Sarkozyk garrantzitsutzat jo zuen Europako Ekonomia eta Finantza ministroek (Ecofin) hartutako erabakia. Izan ere, Frantzia zazpi urtez aritu da BEZa murrizteko eskatzen.

Orain horretarako baimena izanda nabarmen alda daiteke ostalaritzaren egoera Iparraldean. Egun, %19,5eko zerga ezartzen dute, eta %5,5eraino jaitsi daiteke. Hori da, hain zuzen, ostalarien eskaera nagusia: egun BEZ murriztuak duen kopurura (%5,5) jaistea ostalaritzako BEZa.

Jatetxe eta tabernetako jabeen iritziz, horrek soilik bermatuko luke enpleguaren sorrera ostalaritzan. Izan ere, egun zailtasun handiak dituzte langileak aurkitzeko, lan baldintza eta soldatak direla-eta. Beren eskaera aurrera aterako balitz, Frantziak 3.200 milioi euro gutxiago jasotzeari utziko lioke, Finantza Ministerioak eginiko kalkuluen arabera.

Fardelak polemika

Besteak beste, Ecofineko ministroek ostalaritzako BEZa murriztea onartu bazuten ere, asko izan ziren alboratutako proposamenak ere; fardelena, esaterako. Hainbat estatuk, umeentzako fardelei BEZ murriztua aplikatzeko baimena eskatu zuten, baina azkenean ez zen aurrera atera. Egun, Poloniak, Portugalek, Txekiar Errepublikak, Hungariak eta Maltak osasunerako produktutzat jotzen dituzte umeentzako fardelak, eta, beraz, %15etik beherako BEZa aplikatzen diote.

Europako araudiak, aldiz, helduentzako fardelak soilik sartzen ditu kategoria horretan, eta, beraz, debekatu egiten du umeentzako fardelei %15etik beherako BEZa aplikatzea. Hala, herrialde horiek auzitegitara eramateko erabakia hartu du Europak. Dagoeneko prozedura bat abian jarri zuen horien kontra 2006an.

Hirukide EAEko familia ugarien federazioak deitoratu egin du fardelen BEZa ez jaisteko erabakia. Hegoaldean, hain zuzen, %16koa da umeen fardelei aplikatzen zaien zerga (BEZ arrunta).

Bestalde, editoreek eta itsuek ontzat hartu dute euskarri mota guztietako liburuei BEZ murriztua aplikatzeko eman zaien aukera. Horrela, kulturarako sarbidea erraztu egin daitekeela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.