Frantziak enpresei lagunduko die gazteak kontratatzeko

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian baxua da gazteen enplegu tasa; bitik batek baino gutxiagok du lana

Erredakzioa
2009ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian bi gaztetatik batek baino gutxiagok du lana. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeen artean, batez beste, hiru gaztetatik bik dute. Nicolas Sarkozyk berak aitortu du. «Hamarkadetan, OCDEko herrialdeen artean, Frantziak izan du gazteen enplegu tasarik txikienetakoa».

Hori aldatu nahi du Frantziako presidenteak, eta gazteen enplegua eta prestakuntza sustatzeko 1.300 milioi euro inbertituko ditu, 2010eko ekainera bitartean. «Urgentziazko plana» deitu dio, eta 25 urtez azpiko 500.000 lagunek jasoko dutela laguntza kalkulatu du Gobernuak.

Laguntzak, ordea, gazteentzat baino gehiago enpresentzat izango dira. Praktiketan aritu ostean, gazteari mugagabeko kontratua eginez gero, adibidez, 3.000 euro jasoko du enpresak. Era horretan, 50.000 postu iraunkor sortuko direla espero dute. 320.000 aprendiz kontratatzea Gobernuaren beste xedeetako bat. Halakoak kontratatzen dituztenek ez dute Gizarte Segurantzari ordaindu beharrik izango. Ehun milioi euroko kostua edukiko du neurri horrek. Era berean, aprendizen bat kontratatzen duten 50 langile baino gutxiagoko enpresek 1.800 euroko laguntza jasoko dute. 70 milioi euro bideratuko dira horretara.

Profesionalizatze kontratuen bidez, 170.000 postu sortzea nahi dute. Lana eta ikasketak uztartzeko aukera ematen dute kontratu horiek, eta halakoren bat egiten duten enpresek 1.000 euro jasoko dituzte. 226 milioi gastatuko dira neurri horretan. Bestalde, bi hilabete baino gehiagoko praktikak egiten dituztenek dirua jasoko dute. Orain artean, hiru hilabetean zegoen gutxieneko muga.

Prestakuntza ikastetxe batean aurkeztu zuen plana Sarkozyk, hainbat gazteren aurreran. «Prestakuntza ez enplegua izango dituzuela esatera etorri naiz, ez langabezitik bizi ahalko zaretela esatera», esan zien. «Langileak aurrez erretiratzea ez da gazteen kontratazioa bultzako bidea», gaineratu zuen.



«Langileak aurrez erretiratzea ez dagazteen kontratazioa bultzatzeko bidea»

NICOLAS SARKOZY
Frantziako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.