Frantziak murrizketa gehiago iradoki ditu, 'rating' onenari eutsi ahal izateko

Baroin Finantza ministroak aitortu du datorren urtean %1,75 hazteko iragarpena baikorregia dela

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Moody's kalifikazio agentziak oharra eman dio Frantziari: bere kontu publikoak orekatzeko urrats gehiago egin ezean, Aaa kalifikazioa kendu beharko dio. Aukera egon badagoela aitortu du François Baroin Finantza ministroak, eta iragarri du «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartuko dituztela kalifikazio horri eusteko. Aurrekontuetan murrizketa gehiago izango direla esateko modu bat da hori, artean ezer zehatzik ez dagoen arren.

Bere erabakiak izan zezakeen ondorioak aldez aurretik neurtuta, ohi baino sotiltasun handiagorekin jokatu du Moody'sek. Izan ere, Frantziaren zorraren rating-a egonkorretik negatibora jaitsi beharrean —maila bat gutxitzeko lehen urratsa da—, agian hori egin beharko duela iragarri dio. Beste hitz batzuetan, Parisi beste hiru hilabete eman dizkio neurriak har ditzan.

Merkatuek berehala erantzun dute, Frantziaren zorrak pagatu behar duen gainsaria handituta:hamar urteko bonuak %3,08ko errentagarritasuna ematen zuen atzo bigarren merkatuan, Alemaniak bund-ak baino 103 puntu gehiago. Tarterik handiena da 1990eko azaroaz geroztik. Edonola ere, Frantziari hegoaldeko auzoei baino merkeago ateratzen zaio zorra jaulkitzea: Italiak 384 puntuko gainsaria zuen atzo, etaA2 rating-a ematen dio Moody'sek (onenen artean seigarrena);Espainiak, Aa2 kalifikazioarekin(hirugarrena), 330 puntukoa zuen.

«Aaa kalifikazioari eutsiko diogu». Hitz horiekin erantzun zion Parisek Moody'si. «Ezinbestekoa da hori gure eredu soziala babesteko. Ahal dugun guztia egingo dugu [kalifikazioa] jaistea eragozteko», ziurtatu du Baroinek. «Badakigu tartea, eta, horregatik, neurriak hartuko ditugu; ez dago larritzeko motiborik».

Finantza ministroak aitortu du 2012rako aurrekontuetan egindako %1,75eko hazkunde aurreikuspena baikorregia dela. Baina %1,5etik gora geratuz gero aurrekontuak aldatzeko arrazoirik ez dagoela gaineratu du. Hogei laguneko aditu talde batek, ordea, ziurtatu du asko jota Frantzia %1 haziko dela.

Zorra «jasangaitza»

Historikoki, garai onetan ere Frantziak arazo handiak izan ditu defizit publikoa murrizteko, eta zorra BPGaren %84ra iritsi da, «jasangaitza», Baroinek berak aitortu duenez. Defizita gutxitzea are zailagoa egingo zaio baldin eta bere bankuak diru publikoarekin kapitalizatu behar baditu. Dexia bankuaren adar frantziarraren porrota eragozteko 33.000 milioi euroren bermeak jarri ditu, eta beste 30.000 milioi atera beharko ditu baldin eta Societe Generale edo BNP Paribas ere kapitalizatu behar baditu. Diru hori aurkitzea garestiagoa izango zaio A hirukoitza galtzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.