Frantziako Gobernuak aurrekontuen proiektua onartu du. Gastua gutxitzea eta diru sarrerak handitzea da funtsa. Datorren urtean defizita barne produktu gordinaren (BPG) %3ra jaitsi nahi du, Europako Batasunak exijitutako mailara. Defizita 30.000 milioi euro gutxitu behar du horretarako. 10.000 milioi aurreztu egin nahi ditu eta 20.000 milioi euro gehiago bildu, zergak igota. Azken hamarkadetako aurrekontu murriztaileena da. "Gerra aurrekontua" deitu zion atzo Jean-Marc Ayrault lehen ministroak. Kopuru horri gehitu egin behar zaizkio uztailean hartutako neurriak. Kopurua, guztira, 40.000 milioi euro ingurukoa da.
Hurrengo urteko aurrekontuak egiteko orduan Frantziako Gobernuak aurreikusi du BPGa %0,8 haziko dela 2013an, eta %2 hurrengoetan. 2013ko hazkunde aurreikuspena bat dator Nazioarteko Diru Funtsaren kopuruarekin. Hala ere, bai bata zein bestea, aurreikuspenak apaltzen ari dira hiruhilekoa joan, hiruhilekoa etorri. Aurreikuspenak aldatuz gero, Frantziako Gobernuak neurri gehiago hartu beharko ditu %3ko defizit publikoa lortzeko.
Frantizako Gobernuak nabarmendu du zerga igoerak batez ere aberatsei eta enpresei eragingo diela, eta ez diela eragingo hamar herritarretik bederatziri. Arrabots gehien sortu duen zerga aberatsena izan da: %75eko zerga milioi bat eurotik gora irabazten dutenei. Hala ere, praktikan, zerga %67 ingurukoa izango da, eta ez die eragingo kapital errentei, aberatsenen diru iturri nagusiei. 150.000 eurotik gora irabazten dutenek %45 ordainduko dute —gaur egun %41—. Lan errenten eta kapital errenten zergak berdindu egingo dituzte. Enpresei zerga kenkari asko kenduko dizkiete, besteak beste zorraren interesak ordaintzeagatik daukatena.
Frantziak ez dauzka Espainiaren pareko arazoak, eta dirua merkeago lortzen du zor merkatuetan: hamar urterako zor bonuen truke %2ko interesa eskatzen diote (Espainiari %6) eta bere arrisku saria 76 puntuan dago (Espainiarena 461ean). Hala ere, Frantziak ere nabaritu du zorra ordaintzea gero eta garestiagoa dela. Gastu publiko nagusia zorraren interesak ordaintzea da. Gastu hori %30 handitu da bost urtean.