Frantziako ekonomia %0,3 hazi da hirugarren hiruhilekoan

Urritik abendura arteko hazkunde aurreikuspenak %0,4tik %0,3ra jaitsi ditu Inseek

Erredakzioa
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Bigarren hiruhilekoan %0,1eko atzeraldia izan ostean, hazkundera itzuli da Frantziako ekonomia. INSEE estatistika erakundeak emandako datuen arabera, barne produktu gordinak %0,3ko igoera izan du uztailetik urrira bitartean. Dena den, baikortasunerako arrazoirik ez du ikusten erakundeak. Murriztu egin ditu azken hiruhileko hazkunde aurreikuspenak: %0,4tik %0,3ra. Datua emateko dagoeneko esku artean dituen estatistiketan oinarritu dela zehaztu du, besteak beste, industria ekoizpenaren kopuruetan.

Lehen bederatzi hilabeteetako datuei erreparatuta, gobernuak finkatutako helburuetatik nahiko gertu dabil hazkundea. %1,75eko igoera iragarri zuen, eta %1,7 igo da. Hirugarren hiruhilekoan, familien kontsumoak %0,3ko igoera izan du, eta inbertsioek, %0,2koa.Inportazioak ere %0,7 gehitu dira, eta ia esportazioen mailan ezarri dira.

AEBak, uste baino okerrago

Erresuma Batuak eta AEBek herenegun eman zituzten hazkunde datuak. %0,6 hazi da aurrena hirugarren hiruhilekoan, espero baino hamarren bat gehiago. Sektore guztiek izan dute bilakaera positiboa. Aitzitik, AEBek nahi baino datu okerragoa izan dute. BPGak %1,8ko igoera izan du, %2koa aurreikusita bazegoen ere. Adituek uste zuten kontsumitzaileen gastua %2,3 igoko zela, baina azkenean %1,7 bakarrik igo da. BPGaren %1,2 kontsumo datuek eragiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.