Frantziako Ekonomia eta Finantza Ministerioak ziber eraso bat jasan du, eta ez nolanahikoa. 150etik gora ordenagailutara sartu dira piratak eta G-20koen azken batzarra prestatzeko erabilitako dokumentuak kopiatu dituzte. Paris Match aldizkariak jakinarazi duenez, erasoa abenduan hasi zuten, eta asteak iraun du, iragan asteburura arte. Frantziako Gobernuak baieztatu egin du informazio hori.
Korreo elektronikoz bidalitako mezu tranpa batzuen bidez sartu ziren sisteman —mezuarekin batera bidalitako artxiboa irekitzea nahikoa izaten dute hartzailearen ordenagailuan sartzeko—. Altxorreko Zuzendaritza zen erasoaren helburu nagusia, baina legez kanpo kopiatu duten informazioaren zati handiena nazioarteko gaien ingurukoa da. Hala azaldu du Dominique Lamiot Finantza eta Aurrekontuen Ministerioko idazkari nagusiak. Zergadunei buruzko informazioan muturrik ez dutela sartu baieztatu du, gainera. «Ziur esan dezaket erasoak ez diola eragin Frantziako zerga-ordaintzaileei buruzko datu pertsonal bakar bati ere».
François Baroin Aurrekontu ministroaren esanetan, badituzte erasoaren jatorria argitzen lagun diezaieketen zenbait aztarna, baina oraindik baieztatu gabe. Dena dela, ez du uste jatorri frantziarra duenik, atzerritik egindakoa izateko aukerak handiak direla adierazi baitu. Hori bat, esan du Frantziako Administrazioak inoiz jasan duen eraso informatiko handiena eta «ikusgarriena» izan dela. Horregatik, ministerioak segurtasun sistemak indartu dituela azaldu du Lamiotek.
Erasoak lotura izan dezake Frantziak G-20ko presidentetza hartu izanarekin, denboran batera gertatu direlako. Piratek abenduan lortu zuten Ekonomia Ministerioko lehen ordenagailuetan sartzea, Frantziak G-20ko agintaldia hasi baino egun batzuk lehenago —urtearekin batera hasi zuen—. G-20 osatzen duten hogei herrialdeetako ordezkariakotsailean bildu ziren azkenekoz; Frantziak antolatu zuen goi bilera hura, eta Parisen egin zuten. Piratek kopiatu duten informazioaren zati bat Txinako webgune batzuetara birbideratua izan dela azaldu dio Frantziako funtzionario batek Paris Match-i.
Urtarrilaren hasieran ikusi zituzten erasoaren lehen arrastoak, eta Informazio Sistemen Segurtasunerako Nazio Agentziak ikerketa hasi zuen. Orduz geroztik, 20 eta 30 lagun artean «gau eta egunez» lanean aritu direla kontatu du Patrick Pailloux agentzia horretako zuzendari nagusiak. Asteburuan, Ekonomia departamenduko 12.000 ordenagailu aztertu dituzte —170.000 ditu guztira—, baina, piratak sartu diren 150 ordenagailuak identifikatzeko asteak beharko dituztela argitu du. Paillouxen esanetan, beste ministerio batzuei eraso egiten ere saiatu dira. «Litekeena da oraindik ikusi ez ditugun gauzak topatzea. Baina, nik dakidanez, Bercy bakarrik ukitu dute». Ekonomia Ministerioaren egoitza, hain zuzen.
Frantziako Gobernuari informatikoki eraso egin eta informazioa lapurtu diote
150 ordenagailutan baino gehiagotan sartu dira, eta G20koari buruzko informazioa kopiatu dute, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu