Pentsioen erreforma

Frantziako Poliziak aske utzi du goizean atxilotu duen LABeko kidea

Pentsioen erreformaren kontrako protestetan atxilotu dute, eta sindikatuko burkideak komisariako atarian bildu dira, «atxilotua askatu» oihu artean.

Poliziak, komisaldegia zaintzen. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT, @OI_TSR
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko abenduaren 19a
09:30
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsio erreformaren aurkako beste protesta egun bat da gaurkoa Ipar Euskal Herrian, bosgarrena. Goizean goiz, ehunka herritar atera dira kalera sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Horietako batean, Frantziako Poliziak LABeko kide bat atxilotu du. Trenbideetako langile bat da, eta atxilotu eta ordu pare batera utzi dute aske.

Atxiloketaren berri izan eta berehala, LABek komisariara joatera deitu du. Hamarnaka lagun joan dira, eta han geratu dira. Frantziako Polizia ere kanpoan bildu da. Delegazio bat Poliziarekin negoziatzera joan da. Prentsa txartela erakutsita ere, Poliziak ez dio pasatzen utzi nahi izan BERRIAko kazetariari. Komisarian atxilotua izan den bitartean, sindikatuko eta laneko kideak komisariako atarian egon dira, eta adierazi dute ez zirela handik mugituko sindikatukidea aske utzi arte.

Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioak goizean hasi dira. LABek Medef enpresarien elkarteko presidentearen enpresa blokeatu du. Baionako Cassin lizeoko ikasleek ikastetxea blokeatu dute. 11:00etan manifestazioa egin dute Baionan, eta, hain zuzen, ikasleak izan dira gaur buruan.

Azken egunetan, CFDT erakarri nahian, Macron prest agertu da erreforma aldatzeko. Erretiro adina atzeratuko lukeen orekarako adinean «hobekuntzak» egitea negoziatuko du Frantziako Gobernuak. Sindikatu batzuek protesta eguna egitera deitu dute gaurko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.