Frantziari kalifikazioa jaitsiko dioten susmoek burtsak amildu dituzte

Frantziako Gobernuak defizita jaisteko neurri gehiago onartuko ditu hilaren 24an, hazkundea uste baino apalagoa baitaAgentziek ukatu egin dute Frantziari kalifikazio gorena jaitsiko diotela

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Merkatuek susmoen arabera jokatzen dute sarritan, eta susmoak benetakoak ez badira ere, merkatuek benetako ondorioak eragiten dituzte. Inor ez dago salbu, ezta Frantzia ere. Frantziari buruzko susmoak dio AAA kalifikazio gorena jaitsiko diotela haren luzera begirako zorrari. Kalifikazio agentzia nagusiek — Standard & Poor's (S&P), Moody's eta Fitch—ukatu egin dute. Baina Europako burtsa gehienetan izua zabaldu zen, eta amildu egin ziren atzo, Frantziari buruzko susmoek, Wall Streeten beheranzko joerak eta atzeraldiaren beldurrak bultzatuta.

Kolpea bereziki gogorra izan zen Parisko burtsarentzat eta Frantziako bankuentzat: CAC-40 indizeak %5,45 galdu zuen, Societe Generalek %14,7, Credit Agricolek %11,8, AXAk %10,6, BNP Paribasek %9,4 eta Credit Nationalek %9. Societe Generaleren kasuan, Erresuma Batuko Daily Mail egunkariak argitaratu zuen bankuak zailtasunak dituela, baina bankuak ukatu egin zuen, eta egunkariak artikulua erretiratu zuen.

Madrilgo burtsan Ibex-35 indizeak %5,5 galdu zuen, eta 2009ko apiriletik izan duen maila apalenera erori zen. Bankuek izan zuten kalte handiena: Santanderrek %8,3 eta BBVAk %7,8 galdu zuten. Frankfurteko burtsa ia %2 irabazten egotetik %5,1 galtzera pasatu zen ordu gutxian. Londreskoak %2ko jaitsiera izan zuen. Gehien erori zena Milangoa izan zen: %6,65.

Wall Street mutur batetik bestera pasatu da. Herenegun %4ko igoera izan zuen, eta 2009ko martxotik egunik onena izan zuen; atzo, ordea, lerro hauek idazteko orduan %3 baino gehiago galtzen ari zen.

Egunotako errusiar mendiaren faktura garestia da burtsentzat. Dexia bankuak egindako kalkuluen arabera, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako burtsek 900.000 milioi euro galdu zituzten iragan ostiralean eta astelehenean, AEBen barne produktu gordinaren (BPG) herena inguru.

Kosta Urdinetik Parisera

Nicolas Sarkozyk oporrak etetea, gobernua biltzea eta defizita gehiago murrizteko neurriak iragartzeak ez du balio merkatuentzat. Frantziako presidenteak Kosta Urdineko oporrak bertan behera utzi zituen atzo, espero baino bi aste lehenago. Hegazkina hartu eta gobernuko ministro nagusiekin eta Christian Noyer Frantziako Banku Zentraleko zuzendariarekin bildu zen Parisen. Defizita murrizteko helburuak beteko dituztela ziurtatu nahi du,«ezinbestekoa baita».

Horretarako, Aurrekontu eta Finantza ministroei agindu die proposamenak egin ditzatela, defizita espero adina jaitsiko dela ziurtatzeko. Proposamen horiek aintzat hartuko dituzte datorren urterako aurrekontuetan. «Helburuak bete egingo ditugu, ekonomiaren bilakaera edozein izanda ere», esan zuen Sarkozyk. Neurri berriak abuztuaren 17an aztertuko ditu François Fillon lehen ministroarekin, eta hilaren 24an onartu nahi ditu.

Valerie Pecresse Aurrekontu ministroak uztailaren 27an esan zuen behar izanez gero zerga kenkarietan murrizketa gehiago egiteko prest daudela. Orain artean onartutakoekin 3.000 milioi euro aurreztu nahi dituzte 2012an. Neurri gehiago hartuz gero, 5.000 milioi euro izan daitezke.

Gobernuak BPGaren %2,2ko hazkundea espero du aurten, eta %2,25ekoa datorren urtean. Urteko lehen hiruhilekoan BPGaren %0,9ko igoera izan zuen, baina hurrengo hiruhilekoan %0,2koa edo %0,3koa espero dute (bihar jakingo da).

Benetako hazkundea espero baino apalagoa bada, zailagoa izango du defizita jaisteko helburuak betetzea: iazko %7,1etikBPGaren %5,7ra aurten, %4,6ra 2012an eta %3ra 2013an.

Horixe esan zion Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak Frantziari ohartarazi zion hazkundea espero baino txikiagoa bada aurrezte neurri osagarriak hartu beharko dituela.

S&Pek Ameriketako Estatu Batuen luzera begirako zorrari koska bat jaitsi zion iragan ostiralean, AAAtik AA+era. Horrek gainerako herrialde seguruekiko konfiantza galarazi du. Frantzia izan daiteke hurrengoa. Hiru kalifikazio agentzia nagusiek ezetz esan dute, Frantziaren kalifikazioa egonkorra dela eta ez direla ari hura berrikusten.

Arrisku saria eta CDSak, gora

Hala ere, merkatuetan arrisku hori zabaldu da. Frantziaren arrisku saria asko handitu da: Alemaniako hamar urterako zor bonuek baino errentagarritasun handiagoa eskaini behar die inbertitzaileei bere zorra erosteko, oinarrizko 90 puntu inguru gehiago, iazko batez bestekoa halako hiru. Kopuru hori, hala ere, oso urrun dago herrialde gehienek ordaindu behar dutenetik.

Horrez gain, asko garestitu dira Frantziaren credit default swap-ak (CDS). CDSak aseguruak dira, inbertitzaileak herrialde batek bere zorra ez ordaintzeko arriskutik babesteko. Arriskua edo beldurra zenbat eta handiagoa, asegurua orduan eta garestiagoa. Frantziarenak dira CDS garestienak AAA kalifikazioa duten herrialdeen artean. Alemaniarenak halako bi ordaindu behar dira. CDSak konfiantzaren neurgailuetako bat dira.

Frantziaren luzera begirako zorrak AAA kalifikazio gorena galtzeak eragin zuzena izango luke eurogunean. Euroguneko bigarren ekonomia da, eta bere neurriaren parekoa da erreskate funtsari egiten dion ekarpena. Gainera, EFSF erreskate funtsa zenbait herrialderen kalifikazio gorenaz baliatzen da merkatuetan dirua merke eskuratu eta arazoak dituztenei uzteko.

Ekaitz horren erdian, Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek oinarrizko 300 punturen azpitik jarraitu zuten, 284 eta 289 puntutan, hurrenez hurren. Atzo pixka bat igo egin ziren, herenegungo kopuruekin alderatuta. Europako Banku Zentralak (EBZ) zorraren bigarren mailako merkatuetan Espainiaren eta Italiaren zorra erosteak eragina du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.