Aurreikuspen beltzak iragarri dizkio Aurrezki Kutxen Fundazioak (Funcas) Espainiari. Urtea bukatzerako berriz atzeraldian sartuko dela ziurtatu du, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan barne produktu gordina txikitu egingo delako. Datorren urterako plazaratu dituen aurreikuspenak hobeak dira. Hiruhileko batetik bestera ekonomia hazten joango dela uste du, hazkundea ahula izango den arren.
Zenbakietan sartuta, aurten Espainiako ekonomia %0,7 uzkurtuko dela dio Funcasek. Datorren urterako, %0,3ko hazkundea aurreikusi dio, orain arte uste zuena baino puntu erdi txikiagoa, Espainiako Gobernuak azken asteotan iragarri dituen murrizketek eta zerga egokitzeek eragin negatiboa izango dutelako ekonomiaren bilakaeran. Inbertsio publikoa txikitzearen ondorioz, ekonomia espero baino hiru hamarren gutxiago haziko dela zehaztu du, eta beste bi hamarrenak gainerako neurriei dagozkiela.
Aurtengo bigarren hiruhilekoan, apiriletik ekainera, Espainiako barne produktu gordinak ez du ez hazkunderik ez uzkurtzerik izango, Funcasen arabera. Kontsumo publikoa asko murriztuko da, eraikuntzako inbertsioak beherantz jarraituko du, baina uztailaren 1ean balio erantsiaren zerga igoko denez, kontsumo pribatua asko haziko da aurreko hilabeteetan.
Ekonomia haztea oztopatzen duten beste faktore batzuk oraindik ere badaudela nabarmendu du Aurrezki Kutxen Fundazioak. Familien zorpetzea, eraikuntzako ekoizpen gaitasun handiegia eta salgai dauden etxebizitza kopuru izugarria dira aipatu dituenetako batzuk.
Funcasek dio Espainia atzeraldira itzuliko dela urtea bukatzerako
Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketa neurriek ekonomiaren hazkundea eragotziko dutela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu