Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko 100.000 langile inguru lau orduko grebara daude deituta gaurko. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek antolatu dute lanuztea, «murrizketak salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko», eta ESK-k ere babestu du. Eusko Jaurlaritzan eta Espainiaren menpeko administrazioan 11:00etatik 15:00etara izango da lanuztea, eta foru aldundietan eta udaletan 11:00etatik 19:00etara. Dena den, arloz arlo ezberdina izango da ordutegia. Manifestazioak, ordea, ordu berberean egingo dira hiru hiriburuetan: 12:30ean. Sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak finkatutako gutxieneko zerbitzuekin, eta protesta «indargabetzen saiatzea» leporatu diote. ELA, LAB eta EILASen artean sektore publikoko hamar langiletik zortzi ordezkatzen dituzte.
Osakidetza
11:00etatik 19:00etara dago deituta lanuztea. Ospitaleetan jaiegunetako lantaldea bermatuko du Jaurlaritzak, eta dialisiak eta onkologiako tratamenduei eutsi egingo zaie. Lehen arretan, zentro bakoitzean mediku bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen mediku bat, erizain bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen erizain bat eta bezeroen zerbitzurako langile bat edo zelari bat izango dira. Larrialdi zerbitzuei oso-osorik eutsiko zaie.
Hezkuntza
11:00etatik 18:00etara dago deituta lanuztea, eta Euskal Herriko Unibertsitateari, eskola publikoei, Haurreskolak partzuergoari eta Musikeneri eragingo dio. Ikasleei sarrera bermatu ahal izateko, langile batek joan beharko du gutxienez goizeko nahiz arratsaldeko txandan. Hasiera batean, Jaurlaritzak eutsi egin nahi zien aurreikusitako azterketei. Kasu horietan, irakasle arduraduna lanera joango zela zioen gutxieneko zerbitzuen dekretuak, unibertsitatean nahiz hezkuntza ez-unibertsitarioan. Sindikatuek helegitea jarri zuten neurriaren aurka eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die. Unibertsitatez kanpoko zentroetan, ez dagoela behar adina motibo esan du.
Garraioa
Bilboko metroan 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era dago deituta lanuztea —langile batzordeak beste protesta bat ere antolatu du, baina ez du loturarik sektore publikoko grebarekin—. Eusko Trenen 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era izango da greba. Gasteizko Tuvisa autobus konpainian, berriz, 08:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara dago deituta. Ohiko lanegunetako zerbitzuen %30 bermatuko dira guztietan. Zerbitzua lanuztea baino lehenago hasten den kasuan, amaierara arte jarraitu beharko du.
EITB
Bizkaiko ETBko langile batzordeak 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etik 18:00etara antolatu du greba; Gipuzkoakoak, 12:45etik 14:45era eta 15:00etatik 17:00etara; eta Euskadi Irratiko langile batzordeak 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Informazio zerbitzuei ohiko ordutegian eutsi beharko zaiela erabaki du Jaurlaritzak. ELAk salatu du ETBko zuzendaritza langileak nahastu nahian aritu dela, eta gogoratu du azken bietan zigorra jaso duela greba eskubidea urratzeagatik.
Geriatrikoak eta eguneko zentroak
Langileen erdiek joan beharko dute, eta janorduetan, %60k. Posturen batean langile bakarra aritzen bada, ezingo du greba egin. Era berean, eutsi egingo zaio menpekotasunen bat duten pertsonen garraioari. Neurri horren kontra helegitea jarri zuten sindikatuek, baina epaileak ez du onartu, garraiorik ezean arretarik gabe geratuko liratekeela iritzita. Adingabeen zentroetanjaiegunetako langile kopurua izango da.
Larrialdietarako arreta
Jaiegunetako lantaldea bermatuko da SOS Deiak-en, suhiltzaileetan, errepideko mantentze lanetan, trafikoaren kudeaketa zentroan eta barne saileko informatika eta komunikazio arloan.
Bestelakoak
Hilerrietan, ehorzketa eta errausketa zerbitzuak egin egingo dira bestelako aukerarik ez dagoenean. Argindar, gas eta ur ekoizpen eta hornidura zerbitzuetan jaiegunetako lantaldea bermatuko da. Gutxieneko zerbitzuak, ahal den heinean, grebarekin bat egin ez duten langileek eskainiko dituztela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
Lanuztea sektore publikoan
Funtzio publikoa, grebara deituta
ELAk, LABek eta EILASek antolatu dute protesta, «murrizketak salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko»12:30ean manifestazioak izango dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu