Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile publikoen baldintzak arautzeko Funtzio Publikoko Mahaiak hitzordua zuen gaur 11:00etan. Bilera hasi eta berehala, sindikatuek urtean 1.614,5 orduko lanaldiaren inguruko dekretua indargabetzeko eskatu diote Jaurlaritzari eta horren inguruko konpromisorik hartu ez duenez, mahaitik altxatu dira "sine die".
ELAk gogorazi du iragan astean Eusko Legebiltzarrean legez ez besteko proposamen batean dekretu hori atzera botatzea exijitu zitzaiola Jaurlaritzari eta dekretu horrek 35 orduko lan asteari buruzko legeaz gain, 2010eko Funtzio Publikoko Akordioa ez duela betetzen. LABen arabera, berriz, dekretua atzera botatzen "ezinbesteko urratsa da" negoziazioari ekiteko.
Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak "tamalgarritzat" jo du sindikatuen jarrera eta "langile publikoen kaltetan" doala uste du. Elkarrizketari berrekiteko "erabateko borondatea azaldu du.
Sindikatuek mobilizazioetara deitu dituzte langile publikoak. Maiatzaren 11n, manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan. Bilbon, Jesusen Bihotza plazaetik aterako da 17:30ean; Donostian, 17:30ean, Boulevardetik eta Gasteizen, 19:00etan, Bilbao kaletik.