Ekonomia

Funtzionarioek hainbat ministerio hartu dituzte Atenasen

Ikasleek Hezkuntza ministerioa hartu dute. Euroguneak atzeratu egin du berriro Greziari ematekoak diren 8.000 milioi euroak. Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtsaren ordezkariek Atenasera bisita egin ostean egingo duten txostenaren zain egongo dira.

2011ko urriaren 4a
16:18
Entzun

Greziako ehunka funtzionariok hainbat ministerio hartu dituzte gaur goizean Gobernuak 2015 urtera bitartean 150.000 eta 200.000 postu murrizketeko iragarri duen planaren aurka. Zehazki, Nekazaritza, Osasun, Finantza, Kultura eta Justizia ministerioetan saratu dira funtzionarioak. Hezkuntzakoan ikasleak sartu dira.

Atzo bidali zuen Gobernuak Parlamentura funtzionario kopurua murrizteko plana. Horren arabera, 30.000 funtzionariok aurten soldataren %60 jasoko dute soilik, eta urtebetean beste lanik aurkitzen ez badute, kaleratu egingo dituzte, eta erretiroa aurretik eman. 300 milioi euro aurreztu nahi ditu urtean Gobernuak horrela.

2009. urtetik 170.000 funtzionario kaleratu ditu Gobernuak. Krisia hasi aurretik 900.000 funtzionario zeuden.

Laguntza atzeratu du Euroguneak

Euroguneko Ekonomia ministroak ez ziren atzo azkenean ados jarri, eta zazpi orduz negoziatzen aritu ostean, atzeratu egin dute bart Greziari ematekoak diren 8.000 milioi euroak, lehen erreskateko seigarren zatiari dagozkionak. Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtsaren ordezkariek Atenasera bisita egin ostean egingo duten txostenaren zain egongo dira.

Diru hori datozen asteetan dituen ordainketei aurre egiteko behar du Gobernuak, eta baina eurogunea urriaren 13an egitekoa zen bilera atzeratu duenez, ez du jasoko oraingoz. Diru laguntza ematea urrian aztertuko dutela esan du Jean-Claude Juncker Euroguneko presidenteak, baina emango dutelakoan dago.

Junckerrek Greziak aurten eta datorren urtean egingo dituen murrizketak txalotu ditu, baina horiek lege bihurtzea eskatu dio Gobernuari. Gainera, 2013 eta 2014 urteetarako neurri gehiago hartzeko eskatu dio, eta pribatizazio planak areagotzeko.

Olli Rehn Ekonomia komisarioak ez du garrantziarik eman Greziak hitz eman zuen defizit mailara ez iristea, baina datorren urtean ahalegin handiagoa egin beharko duela esan du. Greziako Gobernuak aitortu du %7,6koa izan beharrean %8,5ekoa izango dela aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.