"Negoziazioa ezinezkoa da aldeetako batek horretarako borondaterik ez baldin badauka". Jose Luis Lopez Gil FVEMeko presidenteak lehen agerraldi publikoa egin du maiatzean Bizkaiko metalgintzako gatazka lehertu zenetik. Sindikatuek proposamen bateratu bat aurkeztu zuten orduan, eta hamar greba egun egin dituztenetik ez zuen prentsaurrekorik eman patronalak; prentsa ohar bidez eman izan dute euren iritzia orain arte. Baina Industria Eguna aurkezteko ekitaldia egin dute gaur goizean, eta sektoreko egoeraren inguruan ere hitz egin du Gilek, orain arte patronalak mahai gainean bederatzi proposamen jarri dituela esateko, eta sindikatuek euren jarrera aldatu behar dutela eskatzeko.
Maiatzean lau sindikatu nagusiek —ELA, CCOO, LAB eta UGT— proposamen bateratua egin zuten, eta ESK, CGT, CNT eta USO zentralek eskaera horiekin bat egin zuten ondoren. Ordutik ez omen dute euren jarrera aldatu, eta aldaketak hortik etorri behar duela esan du Gilek. Areago, duela bost hilabeteko proposamen horiek "onartezinak" direla zehaztu du, eta horiek martxan jarriko balira enpresa askoren geroa zalantzan egongo zela. "Eta horrekin batera baita lanpostu ugari ere".
Negoziazioak aurrera egingo badu, "bi aldeek mugitu behar dute". Gilek esan du sektoreko hitzarmenak "akordio askoren batasun bat dela", eta horretara iritsi nahi baldin bada negoziazio mahaian alde biek amore eman beharko diotela eskaera batzuei. Euren aldetik zertan amore emateko prest leudekeen ez du zehaztu, ordea, aste honetan oraindik federazioko parte diren enpresekin bilerak egiten ari baitira oraindik azken greba egunen balorazioa egin eta hurrengo urratsak adosteko.
Sindikatuen jarrera kritikatzen jarraitu du patronaleko presidenteak. Datozen egunetan adostuko dute langileen ordezkariek zein izango diren etorkizuneko mobilizazioak: "Normalean negoziazio mahaian esertzen gara, eta bertan hitz egiten denarekin ados ez badaude egiten da greba deialdia; ez orain arte bezala, negoziatzera eseri direnerako greba deialdiak eginak zituzten". Aurrera begira sindikatuek ez dute grebarako aukera baztertu.
Industria Eguna
Gazteak industria sektorera erakartzeko, bestalde, Industria Eguna antolatu du FVEM patronalak. Izan ere, industriak langile kualifikatuen beharra edukiko du etorkizunean, eta, horregatik, etorkizuneko beharginak izango direnak erakarri guran, sektoreko 33 enpresa bisitatuko dituzte 23 ikastetxetako mila ikasle inguruk. "Estereotipoak baztertu nahi ditugu, eta emakumeak ere erakarri behar ditugu, gaur egun langileen %15 besterik ez baitira emakumeak". Horregatik, gazteei eta batez ere emakumeei dei egin die etorkizuneko enplegurako industria aukeratu dezaten.
Ildo horretan, sektoreko enpresek pertsona kualifikatu gehiago beharko dituztela esan du Gilek. Noiz, eta aste honetan Orkestra lehiakortasun institutuak argitaratu duen txosten batean langileen gehiegizko kualifikazioaren inguruan hitz egin duenean. "Ez dakit zeren arabera egin duten ikerketa hori, baina guk gure afiliatuen artean inkesta bat egiten dugu urtean bitan, eta horietan askok esaten digute eskaintzen dituzten lanpostuetarako pertsona kualifikatuak falta direla".