G20koek munduko ekonomia gidatzeko ardura eman diote beren buruari

Susperraldia iraunkorra izan dadin lan egingo dutela esan dute Pittsburgheko goi bileraren amaieran

jakes goikoetxea
2009ko irailaren 26a
00:00
Entzun
G20 taldea izango da munduko ekonomiaren gidaria. Harena izango da «susperraldi ekonomiko iraunkorra» eraikitzeko ardura. Eginkizun hori ezarri zion bere buruari atzo, Pittsburgheko goi bileran (AEB). Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren esanetan, lorpena «historikoa» da; baina, berez, finantza krisiaren ostean, ardura hori hartua zuten G20koek. Atzo ofizialki berretsi baino ez zuten egin.

G20 taldeak munduko ekonomiaren norabidearen ardura bere gain hartzeak esan nahi du onartu egiten dela gorabidean dauden ekonomiek (Brasilek, Indiak eta Txinak, nagusiki) tokia izan behar dutela erabakitzeko guneetan. G20 taldeak hobeto ordezkatzen baitu munduko ekonomia G8 taldeak baino: G20ko herrialdeek munduko barne produktu gordinaren %85 dute.

NDF Nazioarteko Diru Funtseko botere banaketan ere aldaketak izango dira, txikiak badira ere. Gorabidean diren herrialdeek indar handiagoa izango dute bozketetan, herrialde aberatsek botoen %5 ematea erabaki baitzuten atzo Pittsburghen. Desoreka handia da NDFn: Frantziak botoen %4,9 ditu, eta Txinak, %3,7, Txinako ekonomia Frantziakoa baino %50 handiagoa den arren.

Pittsburgheko erabakien ondorioz, indarra galduko du G8 taldeak. Segurtasunari eta politikari buruzko gaiak geratuko dira haren esku. Dena den, G8ko herrialde guztiak daude G20 taldean. G8koek eta gorabidean dauden herrialdeek osatzen dute.

Baina G20koen gidaritza ofizial egitea baino gehiago espero zen Pittsburgheko goi bileratik. Hala zioen The New York Times-en atzoko editorialak, amaieran: «Adostasuna adostasunagatik lortzeko garaia pasatu da. Erreformaren ordua da».

Lerro hauek idazteko orduan oraindik ez zituzten zehaztu hartutako neurriak. Erabakirik ezean, azken adierazpenaren zirriborroen dantza bihurtu zen albiste.

Arratsaldean zabaldutako zirriborro baten arabera, G20koak akordioa lortzear zeuden bankarien gainsariei buruz. Finantza erakundeetako exekutiboen gainsariak bihurtu dira munduko agintarien eztabaidagai nagusietako bat. Zirriborroan nabarmendu zuten exekutibo horiek «arrisku handiegiak» hartu zituztela, epe motzera begira hartutako erabakiak saritzen zirelako.

Gainsariak eta erreserbak

Pittsburgheko goi bileraren aurretik gainsariak mugatzeko hainbat aukera aipatu ziren: exekutiboen gainsariak beren erabakiek luzera begira izan zituzten ondorioen arabera banatzea, erabakiek galerak eraginez gero dirua bueltatu behar izatea eta gainsarien sistema finantza erakundeen erreserben araberakoa izatea. Atzo gauean oraindik ez zuten zehaztu gainsariak mugatzeko modua.

Bankuek izan beharreko diru erreserbak izan ziren Pittsburghen jorratutako gaietako bat. Zenbait herrialdetako ordezkariek handitu egin nahi zituzten bankuei eskatu beharreko diru erreserbak, krisiren bat gertatuz gero baliabide gehiago izateko. G20koen adierazpenaren zirriborroan, aldiz, 2012ko amaierara atzeratu zuten diru erreserbei buruzko erabakia, «finantza baldintzak hobetu arte».

Eta noiz arte iraun behar dute herrialdeetako ekonomiak suspertzeko planek? Pittsburgheko bileraren aurretik planen amaiera antolatzeaz hitz egin zen. Atzoko zirriborro baten arabera, planen amaiera prestatuko dute, baina oraingoz suspertze planei eutsiko diete, «suspertze iraunkor bat bermatu arte».

G20koek bi goi bilera iragarri dituzte datorren urterako: ekainean izango da bat, Kanadan, eta azaroan bestea, Hego Korean.





############











############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.