Enpresen opariak

Gabon saskiak, argaltzen

Langileek jasotzen duten urteko opari bakarrenetarikoa da. Baina krisiaren eraginez eta enpresen egoeraren ondorioz, gutxitu egin dira. Bai kopuruz, baita kalitatez ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ardoa, xanpaina edo cava, turroi gogor eta biguina, txorizo eta urdaiazpikoak, bonboiak eta beste hainbat gutizia. Gabonetako otarreetan falta ez diren elikagaiak izan ohi dira, garai horretako otorduetan dastatzeko. Aurten ere saski horiek ez dute hutsik egin, eta Euskal Herriko enpresa ugaritan langileek urteroko saria jaso dute. Hegoaldeko enpresen %30 ingurutan banatu dituzte saskiak.

Baina krisiak horretan ere eragin du. Urte osoan langileek jasotzen duten sari bakarrenetarikoa izaten da otzara hori kasurik gehienetan, baina egoera ekonomikoak askorik laguntzen ez duenez, enpresek langileei ematen dizkieten saskiak gutxitu egin dira. Beste kasu batzuetan, kalitate eta prezio baxuagoko saskiak banatu dituzte. «Nonbaitetik hastekotan Gabonetako otarreetatik hasi dira aurrezten», dio Jesus Orduna Napar Bideak eskulangintza kooperatibako kideak.

Ordunak produktuak banatzen dizkiete saskiak prestatzen dituzten enpresei, eta bertatik bertara sumatzen ari da eskaeretan jaitsiera. «Saskiak egiten dituztenak urduri daude oso, enpresek oparitan ematen dituztenen beherakadak kolpe handia eman dielako».

Basaurin (Bizkaia) dagoen Cestas y Lotes de Navidad enpresa ere gertutik ari da sumatzen Gabonetako saskien gutxitze hori. Ana Gonzalez bertako langilearen hitzetan, «duela bi urtetik hona %80 jaitsi zaigu saskien eskaria». Joan den urtean jaitsieraren lehen zantzuak izan zituzten, baina aurten itzelezko beherakada izan dute. «Pentsa, iaz 50 edo 60 saski inguru eskatu zizkiguten, eta aurten, berriz, hiru saski eta bederatzi sorta besterik ez dugu egin». 2011. urtea zalantzaren urtea izan dela nabarmendu du, eta hori sektorean zuzenean jasan dute. Baina inoiz baino saski gutxiago banatu izana ez da okerrena, egindako horiek ere proportzioan merkeagoak izan direla baizik. Era horretan, aurreko urteetan saski handiak egiten zituzten enpresek aurten sortak egin dituzte, eta iaz sortak banatzen zituztenek ez dute eskaerarik egin Basauriko enpresan.

Kalitatea bermatzen

Hainbat enpresa itxi behar izan dituzte aurten, eta, gabonsarien eskariak maila berean egin du behera Tuterako (Nafarroa) Carmen & Gloria saskiak egiten dituzten negozioan. %30 inguruko jaitsiera sumatu dute iazko kopuruekin alderatuz gero, «baina kopurua jaitsi den arren, kalitatea ez». Nafarroako produktuak eskaintzen dituzte saskietan, eta, horregatik, kalitatea bermatuta dagoela azpimarratu dute. «Kopuruz urriagoak izan daitezke saski horiek, baina kalitaterik ez dute galdu».

Ordunak, ordea, bietan sumatu du beherakada, kantitatean zein kalitatean. Saskiak egiten dituzten enpresei produktu gutxiago saldu dizkie. «Gabonsari gutxiago daude, eta horiek, gainera, kalitate eskasagoa daukate», dio. Haiek hemengo produktuak eskaintzen dituzte, eskuz egindakoak eta jatorri izena daukatenak, eta elikagai horiek errentagarriak izateko gutxieneko prezio bat behar dute. «Eta ezin gara alde horretatik atzerriko produktuekin lehiatu», azaldu du. Txinatik datozen zainzuriak, esaterako, hemengoekin alderatuta erdi prezioan daude, eta, horregatik, kalitatearen ikuspuntutik egin behar da lehia, Ordunaren ustez. Langileei Gabonetako saski itxuroso eta handiak eman nahi horretan, kalitateak —eta kopuruak— behera egin du. «Lehen, gazta osoak banatzen zituzten, eta orain puska bat; kiloko esparrago lata partez, kilo erdikoa sartzen dute saskietan... eta kalitatearen ikuspuntutik berdin».

Oparia egiterakoan, kantitatearen edo kalitatearen arteko orekan zeinen aldeko apustua egin, hortxe dago koxka. Alde horretatik, Ordunak argi dauka hobe dela Gabon gauean atera ahal izateko moduko elikagaiak banatzea, eta ez «etsaiari ere emango ez zeniokeen zerbait». Gonzalez ere uste berekoa da, baina haiek eskariaren araberako saskiak egiten dituzten heinean, eskumenerako aukera gutxi daukate. Kalitatearen beherakada ere bertatik bertara sumatu du: «Askoz ere produktu merkeagoak erabili ditugu aurten». Baina eskaerak %80 behera egin duen urtean, ezin diote ezeri muzin egin, haren esanetan.

Enpresa handi zein txiki

Euskal langileei eman dizkieten saskietan, enpresa bakoitzak 25 eta 74 euro bitartean gastatu du langile bakoitzeko. Aurreko urteetan ere tarte horretan bertan ibili ziren, baina batez bestekoak behera egin du: aurten 50 euro inguruko gastua izan du saski bakoitzak, eta iaz 60 eurokoa. IdiazabalgoAmpo enpresak (Gipuzkoa) saski bakoitzagatik zein diru kopuru gastatu duen zehaztu ez arren, aurreko urteetako saskiei eutsi diela jakinarazi du Jon Agirre zuzendaritza batzordeko kideak.

«Urtez urte saski hobeak eman izan ditugu, baina azken urteetan mantentzeak bakarrik nahikoa lan eman digu». Saskietako produktuen kalitateari ere eutsi egin diotela ziurtatu du.

Enpresa txikietan gabonsaria banatzea errazagoa da, langile gutxiago izan ohi dituztelako. Dulantziko Alegria zurgintza metalikoko enpresan (Araba), esaterako, aurreko urteetako saski berdinak ematen jarraitzen dute: «Urteroko saski hori kentzea ez zaigu bidezkoa iruditzen, eta, horregatik, ahalegina egiten dugu», dio Ana Rodriguez administrazioko kideak. Baina bidezkoa izan ala ez, denek ezin diote gastuei aurre egin, Iruña Okako Aukenetxe banaketa enpresak (Araba) bezala. «Urtero banatu izan dugu, baita krisia hasi zenetik ere, baina aurten beherakada handia izan dugu diru sarreretan, eta urtea amaitzeko ere nahikoa lan izan dugu». Ondorioz, aurten lehenbiziko aldiz gabonsaririk gabe utzi dituzte langileak, beste hamaika enpresak egin duten bezalatsu.

Azti Tecnaliak ere gabonsaria kendu die aurten langileei, baina ez aurretik galdeketa egin gabe. Krisi egoera ikusita, Gabonetako saskiarekin gastatu ohi zuten diru kopurua nora bideratzea nahiago zuten galdetu zieten langileei, eta, azkenean, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai bankuei eman die dirua. Gabonetako saskia kentzeko, arrazoiak ezberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.