Erakusleiho bereziak, argiak kalean, jostailu denden iragarkiak etxeko postontzi edo hedabideetan, eta elikagai bereziak erosteko deiak. Luzea da Gabonekin lot daitezkeen sinboloen zerrenda. Ospakizunerako garaia da, edo horrela helarazten dute, bederen, marketin kanpainek. Oinarrian kontsumoa sustatzea dute helburu, hori ere badelako Eguberrietako oinarrietako bat: oparietarako erosketak. Eta hori horrela den heinean, urte amaierako ospakizunak batzuentzat onuragarri izan daitezke, baita kaltegarri ere besteentzat. Saltzaileek urtea biribiltzeko erabiltzen dute sasoia, eta larri dabiltzan familia ugarirentzat une gogorra izan ohi da, inoiz baino gastu gehiago izaten baitituzte, eta diru iturri berberak. Mugimendu ekonomiko handia egoten den denboraldi bateko bi aurpegi kontrajarriak dira: krisiari aurre egiteko flotagailua batean, eta gehiago hondartzen duen beruna bestean.
Egoera beltzean dago Jesus sestaoarra (Bizkaia). 48 urte ditu, eta urtebete darama langabezian, lanean jarduten zuen enpresak erregulazio txosten baten bidez kaleratu zuenetik. Beraz, bigarren Gabonak izango ditu aurten lanik gabe. «Joan den urtean Eguberrien atarian kaleratu ninduten; beraz, oso urte amaiera zaila izan genuen etxean. Aurten, berriz, egoera okerragoan pasatuko dugu, urtarrilean jasoko baitut dagokidan azkeneko langabezia saria», dio.
Bien bitartean, hipotekari, eguneroko gastuei eta bi semeren beharrei aurre egin beharko die. «Egoera jasanezina bihurtzen ari da». Are gehiago, kalera irten eta kontsumitzera bultzatzen dituen mezuak jasotzen dituenean. «Jakitun zara zein egoeratan zauden, eta, horregatik, are mingarriagoak bihurtzen dira mezu horiek».
Etxean, gainera, haurrak dauzka, eta horrek Gabonetako zama areagotu egiten duela dio. «Semeak jakitun dira etxean egoera zailean gaudela; hamaika bider azaldu diegu, baina, hala ere, jostailu berriak eskatzen jarraitzen dute sarritan. Sasoi honen inguruan egiten duten kanpaina bortitz horrek eragin zuzena dauka, noski». Horregatik, opari horien bila bigarren eskuko dendetara jotzen duela dio. «Azken urtean jabetu naiz gisa horietako gero eta denda gehiago zabaltzen ari direla eta jendea ere erruz joaten dela. Krisiak zeresan zuzena duela iruditzen zait». Oparien bidea, beraz, erosketa gutxiago eginez eta bide merkeagoak hartuz konpondu zuten iaz, eta hala egingo dute aurten ere.
Baina ez da hori izango Gabonetan etxean edukiko duten gastu bakarra. «Sasoi honetan familiako kideak ere etortzen dira gurera, eta, horrez gain, lagunekin gehiago ateratzeko joera egoten da. Beti saiatzen zara gastuak neurtzen, baina, azkenerako, beti izaten da gehiegi», zehaztu du. Hori dela eta, Gabonetako sasoiak euren kasuan zailtasunak areagotu besterik ez duela egiten azaldu du. Aurten, baina, mugak jarriko dituela garbi du, ezin duelako gehiegizko gasturik egin urtarrilean langabezia saria agortuko zaiolako.
Pobreziaren muga
Egundaino Jesus eta bere familia ez da pobrezia egoerara iritsi, eta ez du laguntzarik eskatu ere egin. «Baina horrela jarraituz gero, nolabait iraun beharko dut». Eta horixe bera da Bizkaiko Caritasen krisia hasi zenetik jasotzen ari diren pertsonen soslai berria: langabezian geratu diren familiak. Horiez gain, bakarrik dauden emakumeak, familia dutenak eta etxerik gabekoak dira batez ere laguntza eske joaten direnak. «Azken profil hori, gainera, areagotu egin da azken boladan», diote Caritaseko iturriek. Mezu larriagoa eman dute, gainera: bost urtez gora egin du Caritasen laguntza jasotzen ari diren pertsonen kopuruak. «Hau da, ez dira gai bizitza aurrera ateratzeko, eta egoera kroniko bihurtzen zaie. Jendeak ez dauka itxaropenik». Laguntza eskatzera joanez gero, zaku horren barruan ikusten du bere burua Jesusek ere. «Lanik topatu ezean, nondik lortu ahal izango ditut aurrera egiteko baliabideak? Irtenbide eskasa ikusten diot egoera honi», dio, etsita.
Gauzak horrela, klase ertainak ahultzen ari direla ohartarazi du Juan Carlos Becerra Berri Otxoak Ezkerraldeko langabeen plataformako kideak. «Laguntza sozialak, gainera, desagertzen ari dira, eta langabezia saria amaitzen zaien pertsonak baliabide gabe geratzen ari dira». Gabonetan agerian geratzen dela uste du. «Mezu kontsumista ugari iristen zaizkigu garai honetan: opariak egin, lagunekin geratu eta otordu bereziak egin behar ditugula esaten digute. Baina askok ez daukate jatekorik ere».
Ideia hori errepikatzen du Daniel Fernandez Arabako elikagai bankuko zuzendariak: «Behartsuentzat Gabonak ez dira existitu ere egiten; esan daiteke hori soldata daukatenen kontzeptu bat dela». Izan ere, eurengana janari bila joaten direnentzat «astero» izan daitezke Gabonak, «janaria eskuratzea nahikoa sari izaten baita haientzat». Edonola ere, urteko sasoi honetan garaiko gozo edo janariren batzuk ematen saiatzen dira elikagai bankuan, «egun berezi hauetatik kanpo egon ez daitezen».
Aurten, gainera, kanpaina berezi bat egin dute azaroan, Hego Euskal Herrian, eta arrakasta «itzela» lortu dutela dio Fernandezek. «Oraindik ez dugu Arabako daturik, baina 80 tonatako aurreikuspena genuen, eta 180 tonatara iritsiko garela uste dugu». Gainerako lurraldeetan ere berdin. «Datozen bi edo hiru hilabeteetarako aski janari daukagu», dio.
Denetara, 135.000 pertsona ingururi emango diote jatekoa, krisia hasi zenetik baino 20.000 pertsona inguru gehiagori. Kanpainaren amaiera arrakastatsuaren ondoren erakunde publiko eta pribatu ugari inguratzen ari zaizkiela dio Fernandezek, «janari gehiago emateko». Baina oraingoz ezezkoa ematen ari dira, «jendearen beharrak ez direlako garai honetan soilik amaitzen». Horregatik, hurrengo hilabeteetarako lotzen ari dira eskaintza horiek. «Giroa hunkigarriagoa delako oroitzen dira gehiago haietaz, baina jendea egoera larrian urte osoan dagoela jakin beharra daukagu».
Urtea ondo amaitzeko
Gabonen alderik gozoenean daude merkatariak. Baina haientzat ere aurten ez da urte gozoa izan. Amaiera ezberdina izango dela aurreratu du Juan Carlos Erkoreka Bilbaodendak merkatarien elkarteko zuzendariak. Hori ziurtatzeko, «merkatari sena» darabil. Izan ere, kalean «aurreko urteetan ez zegoen alaitasuna» ikusi du, eta horregatik iazko salmenta datuak hobetuko direla uste du. «Kasuan kasuko egoerara egokitu izan da beti merkataritza, eta aurten iazko egoera baino positiboagoa ikusten dugu». Horren ondorioz, Gabonetako kanpainak urtea biribiltzen lagunduko diela esan du, segurtasunez. Behin-behineko daturik ez dauka esku artean, baina merkataritza ekonomiaren termometroa dela gogorarazi du, eta egoera pizteko bidea sumatzen dela baieztatu.
Merkatari guztiek ez dute bat egiten ikuspegi horrekin, ordea. Carlos Albillo Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkarteko zuzendariak aitortu du azken hilabetean datu onak izan dituztela, baina errekuperazioak oraindik itxaron egin beharko duela dio. Gainera, uste du salmenta on horiek ez dutela balioko urte «txarra» biribiltzeko. Irailera arte ez dute datu positiborik ikusi, «udaberrian egin zuen eguraldi kaskarrarekin ez zelako ezer saldu». Eta egoera horri nekez eman ahal izango zaio buelta datozen asteetan. «Gabonetako kanpaina garai ona izan ohi da, baina aurten urteko salmenten %20ra ere ez dira iritsiko; normalean, datu altuagoak izaten dira». Horregatik, aurreikuspenak egitea baino nahiago du kanpaina amaitutakoan datuak xeheago aztertu.
Sektore jakin batzuentzat, ordea, aparta izaten da Gabonetako kanpaina. Horien artean dago elikagaiena. Egun horietako salmentei esker urtea errazago pasatzen du, esaterako, Lur Lan baserritarren elkarteak. «Gure kasuan, urteko salmenten %70 inguru egiten dugu Gabonetan», azaldu du Joxean Zubiaurre elkarteko marketin arduradunak. Otorduak baitira Eguberrietako elementu nagusienetako bat. Produktuak soltean nahiz saskietan edo sortetan apainduta saltzen ditu Lur Lanek, Donostian, Tolosan eta Zaldibian (Gipuzkoa) dituen dendetan, alde batetik, eta batez ere Interneten bidez, www.dastatu.es atarian. Urriaren erdi aldera hasten dira enkarguak jasotzen, eta atsedenik ez dute izaten jaiak amaitu arte. «Ematen du krisiarekin gabon sariak eta halakoak amaitu zirela, baina ez, oraindik ere enpresa askok inbertitzen dute otarrak oparitzeko».
Enpresen otarrak
Orain lau urte sortutako enpresa da Dastatu, krisia hasi zen garai bertsukoa, beraz. «Seguruenik ez gara barometrorik egokiena izango, baina gu urtez urte salmentak igotzen ari gara», dio Zubiaurrek. Kantitatez nahiz kalitatez gabon sariak mantendu egiten direla dio. «Ez dugu nabaritu saskietan produktu merkeagoak sartzen direnik orain».
Ugaritu egin dira otarrak eskaintzen dituzten saltokiak ere. «Esango nuke gure zestoak erosten dituztenek beren nortasuna erakutsi nahi dutela, halako harrotasun bat ematen diela guztia bertako produktuekin osatuta dagoen saski bat oparituta. Supermerkatuetan ere egongo dira gurea baino garestiagoak, baina produktu arruntagoekin osatutakoak direla iruditzen zait», azaldu du. Euskal Herrian ez ezik, Espainiara eta Frantziara ere bidaltzen ditu Lur Lanek gabon sariak.
Otorduez gain, opariak ere ezinbesteko elementu bihurtuta daude Gabonetan, eta horiek ere sasoi oparoa izaten dute garai hauetan. «Inauterietan eta Eguberrietan saltzen dugu gehien», dio Itxasne Goitiz Lekeitioko (Bizkaia) Kiñu jostailu dendako saltzaileak. Nabaritzen dute krisia: «Hasieran ez, baina duela bi urtetik hona bai». Prezioari gehiago begiratzen zaiola dio: «Hala ere, jostailuak kentzen dira azkena».
Saltoki handiek eta txinatarren dendek lehia handia egiten dietela dio. Bezeroen eskaera maila ere ezberdina dela kontatu du. «Gure dendan erosten badute jostailu bat eta zerbait txarto badauka, korrika etortzen dira esatera, behar den bezala. Txinatarren dendan erosi badute, berriz, ez dira joaten aldatzera ere, dena barkatzen zaie». Kontrolean alderik badagoela azaldu du. «Nik lehen txantxetako gauzak saltzen nituen: txantxetako zigarroak, bengalak... Guk halakoak saltzea debekatuta daukagu orain dela hiru urtetik, baina txinatarretan hor daude oraindik. Horietan ez al dago ikuskaritzarik, ala?», galdetu du.
Dekorazioak ere garrantzi berezia hartzen du abenduan, kalean nahiz etxean. Material ezberdinetakoak dira jada zuhaitzak, kolore askotakoak, apaingarri originaletakoak. Betiko izeiak saltzen ditu Luis Etxeberriak, naturalak, jaiak amaitutakoan berriro landatzeko modukoak. «Ezin da imajinatu zenbateko lana dagoen zuhaitz bakoitzaren atzean», adierazi du. Batez ere, eguraldiak egiten du gogor lana. «Urri amaieran hasten gara gauzak prestatzen, eta berdin du euria egiten duen edo elurra, berdin-berdin egin behar da lana».
Gabonetako zuhaitzak
Legution du mintegia, Araban. Familia negozioa da, baina Etxebarria bera ere ez da hortik bakarrik bizi. «Aita zena ingeniari agronomoa zen, eta beti izan zuen halako zerbait edukitzeko ilusioa. Orain 39 inguru jarri zuen martxan negozioa, eta guk hark hasitakoari jarraitzeagatik mantentzen dugu». Gabonetako zuhaitzak saltzetik bizi al daitekeen galdetuta, erantzuna ez du argi. «Nik esango nuke ezetz; guztia norberak eginez gero akaso bai, baina jendea kontratatzen hasiz gero, ez dut uste».
Familian aritzen dira etxebarriatarrak, eta mintegi handiagoei saltzen diete. Alabaina, ari dira negozioari buelta bat eman eta esportazioetarako zenbateko aukerak dauden aztertzen ere. Krisi ekonomikoak ez diela eragiten dio, zuhaitzak «merkeak» direla; bai, ordea, «bestelako krisiek». Komunikabideek eta politikariek egindako kanpainak aipatu ditu. «Jendeari buruan sartu zaio hil egiten direla zuhaitzak, eta gero eta gehiago erosten dira artifizialak». Hori gezurtatu du, ondoren berriz landatu daitezkeelako.
Gabonek ikuspegi aniztunak dituzten seinale. Eta ez hori bakarrik, garai hau igarotzeko modu ezberdinak ere badaude. Urtea ondo amaitzeko, edo ez.