Ekonomia

Gaia klusterrak eta AVIC elkarteak bat egin dute "eraldaketa digitala bizkortzeko"

Kluster berean bilduko dira elektronika, informatika eta telekomunikazioko Gaia klusterra eta euskal ingeniaritza eta aholkularitza enpresen AVIC elkartea. Urte honetarako 5.000 milioi euroko fakturazioa aurreikusten dute.

Irune Lasa.
2017ko ekainaren 9a
20:17
Entzun

"Euskal lehiakortasun sistemako pieza giltzarria indartu egiten duelako; etorkizunak eskatzen dituelako ezagutza eta teknologia, esperientzia eta enpresa gaitasuna". Gaiako presidente Jose Etxezarrak hitz horiekin azaldu du zergatik bat egin duten TEIK sektoreko klusterrak eta ingeniaritza aholkularitzako AVIC elkarteak. Ez da makala izango bateratzearen emaitza. Kluster berriak 286 enpresa bilduko ditu, 18.776 langilerekin. 

Gaiako batzarrak atzo eman zion oniritzia bateratzeari, AVICek maiatzaren 29ko bere batzarrean gauza bera onartu ostean. Zuzendaritza berrian bi aldeetako ordezkariak izango dira, eta orain arteko presidenteak —AVICeko Aitor Alzola eta Gaiako Jose Etxezarra— kluster berriaren presidentekideak izango dira.

Etxezarraren aburuz, "megasektore berriak gaitasuna eta ezagutza integratzen ditu; eraldaketa digitalerako balio kate berriak aktibatzeko xedez, indartu egiten du ezagutza eta teknologiako eskaintza hibridoa, eta, ondorioz, gaitasun handiagoa ematen digu agertzen diren garapen berriei erantzuteko. Gehiago gara eta indartsuagoak gara, halaber, Euskadiren eraldaketa digitala nazioartean proiektatzeko ere". 

Kluster berriak, hain zuzen, nazioartetik espero du etortzea urte honetarako aurreikusitako fakturazio hazkundearen zati esanguratsu bat, esportazioak 2.070 milioi eurora iristea aurrikusi baitute, %3,5 gehiago. Orotara, 5.000 milioi euro inguruko fakturazioa iragarri du klusterrak 2017. urterako, %2,6 gehiago. Bazkide kopurua 293ra handituko duela uste dute, eta enplegua ere hazi egingo da alorrean, 19.200 langileraino.

Enpleguarekin lotutakoa da sektoreak etorkizunari begira duen kezkarik handiena. Aitor Alzola presidentekideak esan du "talentuaren desafioa" dutela aurrean. Klusterreko enpresek zailtasunak dituzte ekonomiaren eraldaketa sakonaren ondorioz "merkatuak eskatzen dituen profil berriak" lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.