Gamesa eta Renovables burtsan amildu dira, dirutza irabazi arren

Aerosorgailuen egilearen akzioa %22,30 erori da, nahiz eta irabaziak hirukoiztu egin dituen, 288 milioi euro arte

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Burtsaren paradoxak. Euskal Herriko bi enpresa handienetakoek, Gamesak eta Iberdrola Renovablesek, azken bederatzi hilabeteotan primerako emaitzak izan zituztela iragarri zuten atzo. Horrek ez zuen eragotzi burtsaren amiltzearen protagonista nagusiak izatea: Gamesak bere balioaren %22,30 galdu zuen eta %12,08 Iberdrola Renovablesek.

Bi enpresa horietako akzioek Madrilgo Ibex 35ean kotizatzen dute, eta indize horrek urteko bigarren erorketa handiena izan zuen atzo, %8,16 galdu baitzuen. Hainbesteko jaitsierarik ez zuten izan beste burtsek -Parisko Cac-40k %5,10 utzi zuen eta %4,46 Frankfurteko Daxek-, baina analisten arabera, merkatu horietan eragin txikiagoa izan zuen Argentinak pentsio funtsak nazionalizatuko dituela iragarri izanak. Erabaki horrek zuzen-zuzenean eragiten dio BBVAri, Consolidar funtsaren kudeatzailea baita. Hala ere, Bilbon sortutako bankuak ziurtatu du balizko kaltea oso txikia dela.

Baina Argentinako Gobernuaren erabakiak, printzipioz, ez lieke Gamesari edo Iberdrola Renovablesi eragin beharko, ez batak ezta besteak ere ez dutelako negoziorik herrialde horretan.

Deigarria da Gamesaren %22,3ko erorketa, Arabako enpresak sekulako emaitzak jakinarazi baititu. Urteko lehen bederatzi hilabeteotan 288 milioi euro irabazi ditu, iazko epe horretan baino hiru aldiz gehiago. Irabazien zati handi bat eguzki indarraren atalaren salmentari dagokio, baina hala ere aerosorgailuek -Gamesaren negozio nagusiak- 143 milioi euroko mozkinak ekarri dizkio. Hau da, 2007an baino %67 gehiago.

Urteko lehen bederatzi hilabetotan salmentak %40 handitu ditu Gamesak (2.890 milioi euro) eta urte amaierarako jarritako emaitzak bete ditu dagoeneko. Urtean 3.600 MWeko potentzia instalatzeko gaitasuna dute Gamesaren fabrikek, eta 11.500 MWeko eskaerak ditu 2012. urtera arte.

Analisten arabera, bi dira Gamesaren akzioak erortzearen arrazoiak. Batetik, enpresak ez zituela etorkizuneko emaitzei buruzko aurrerapenik egin. Eta, bestetik, Guillermo Ulazia enpresako presidenteak iragarri zuela «egun batzuk» fabrika batzuk itxi egingo dituztela, «geldialdi teknikoagatik». Haren esanetan, ekoizpena bezeroen eskaeretara egokitu nahi dute. «Helburua garaiz entregatzea da, ez aurretik ezta ondoren ere». Ulaziak ukatu egin zuen Gamesak edo bezeroek finantzabide arazoak dituztela, baina onartu zuen «epe laburrean» antzeko arazoak sor daitezkeela.

Gamesak ez du argitu noiz itxiko diren fabrikak, baina Europa Presseko iturriek «gabonetan» izango direla aurreratu dute. Aurreko urteotan ere itxi izan dituurte amaieran, eta, aurten, Urteberria ostegunean izanik, geldialdi hori luzeagoa izatea aurreikusita zegoen.

Renovables ere behera

Urtea hasi zenetik, %43,62 galdu dute Gamesaren akzioek, eta %53,10, berriz, haren bezero eta akziodun nagusiak, Iberdrola Renovablesek. Kasu horretan ere, emaitza onak aurkeztu arren:230,8 milioi euro irabazi zituen urtarriletik irailera, hau da, iazko epe horretan baino %473 gehiago.

Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak ziurtatu zuen akzioa «oso, oso baxu» dagoela, baina espero duela gora egingo duela «kanpoko faktoreak» baretzen direnean. Galanek ere onartu zuen ezin dizkiotela «krisiari begiak itxi», baina konpainiaren hazkunde aurreikuspenei eutsiko diete: 2010erako 800 milioi euro irabazi nahi dituzte. Horretarako ez dute enpresak erosteko asmorik, baina inbertsio berriekin zuhur arituko dira. «Gutxiago egin behar baditugu, gutxiago egingo ditugu».

CAF ere ongi

Emaitza onak CAFentzat ere. Beasaingo bagoigileak 69,47 milioi euro irabazi ditu irailera arte, 2007an baino %19,7 gehiago. 719,43 milioi euroko salmentak izan ditu, eta horietatik %46 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. 4.653 langile ditu, iaz baino ia 400 gehiago.Hala ere, akzioak %3,82 galdu zuen atzo.



Mondragonen eraikuntza adarrak Corellako Selfhor erosi du

Mondragon taldeak Nafarroako Erriberako enpresa esanguratsuenetako bat erosi du: Compañia Tecnologica de Corella Construccion. Selfhor izen komertzialarekin ezagutzen den lantegiak hormigoi aurrefabrikatuzko egiturak eta itxiturak diseinatzen, egiten eta muntatzen ditu. Nafarroako Kutxa eta Nafarroako Gobernuko Sodena enpresa publikoa ziren orain arteko jabeak, eta azken hura akziodunen artean geratuko da.

Selfhorrek 140 langile ditu, iaz 23 milioi euro fakturatu zituen, eta, besteak beste, Bilboko Areatza parkea edo Tuterako Noboo aretoa eraiki ditu. Erosketa horri esker, Mondragonen eraikuntza sektoreko atal desberdinak bete ahal izango ditu: URSSAren bidezko metalezko egiturak eraikitzen ditu, eta Elurren bidez zur laminatuzko egiturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.