Gamesak 700 milioi euroko kontratua lortu du AEBetan

240 haize errota jarriko ditu Kanadako Algonquin Power argindar enpresarentzat, eta mantentzeaz ere arduratuko daGamesaren akzioak ia %10 berreskuratu du, baina oso maila apalean jarraitzen du

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Urteko kontratu handienetako bat lortu du Gamesak Ameriketako Estatu Batuetan. Lau parke eoliko eraikiko ditu Algonquin Power Kanadako argindar konpainiarentzat, trukean ia 700 milioi euro jasoko ditu, eta 26,5 milioi euroko irabazi operatiboa ekarriko diote. Guztira, 240 haize errota jarriko ditu, bakoitza bi MWeko potentziakoa.

Berez, atzo iragarritako480 MWeko 80 inguru argindarra sortzen ari dira dagoeneko; Iowa estatuko Pocahontas Prairien, esaterako. 350 MW dira guztiz berriak; aurten dira bukatzekoak, eta lana emango diete bereziki Gamesak Pennsylvanian dituen bi lantegiei. Algonquin Powerrekin izenpetutako kontratuaren arabera, Gamesa arduratuko da lau parke eolikoak mantentzeaz hurrengo hogei urteotan. Gamesak eta Kanadako konpainiak hurrengo proiektu batzuetan elkarrekin lan egiteko konpromisoa ere hitzartu dute, AEBetan ez ezik, baita Kanadaren ere.

Kontratuari esker, gorakada handia izan du Gamesaren akzioak. %14tik gora ere irabazi izan du, baina azkenean %9,73 igo da, 2,52 eurora arte. Kopuru horrekin eskuratu du berriro azken asteotan galdutakoaren zati bat behintzat. Izan ere, duela bi aste iazko emaitzak kaleratu zituenetik, behera egin du nabarmen Zamudioko enpresak. Jaitsiera aurtengo espektatiba eskasen ondorioa izan zen, Jorge Calvet presidenteak onartu zuelako 2012an eskariek behera egingo zutela.

Gamesaren akzioa amildu egin da krisia hasi zenetik: 2007an,36 eurora iritsi zen, eta, orduz gero, ia etenik gabe egin du behera. Astearte honetan jo zuen behea, 2,118 euroan salerosi zenean.

Emaitza onak iaz

Burtsaren beherakada ez dator guztiz bat enpresaren bilakaerarekin. Krisiak parke eolikoen eskaria moteldu zuen arren, berriz ere hobera egiten ari da. Berez, 2011. urtea orain arteko onena izan da, salmentei dagokienez behintzat. 2.802 MW saldu zituen; aurreko urtean baino %16 gehiago. 3.003 milioi euroko salmentek (+%10) 51 milioi euroko irabaziak ekarri zizkioten (+%2).

Munduan, haize erroten hornitzaile nagusietan laugarrena da Gamesa, eta 23.891 MWeko potentzia jarrita zituen abenduaren 31n. AEBetan, 3.500 MW ditu martxan edo eraikitzeko bidean. Ipar Amerikako merkatuak garrantzi handia lortu du Gamesarentzat, han egiten baititu salmenten %14. Barak Obama AEBetako presidenteak bi aldiz bisitatu ditu Gamesaren fabrikak, energia berriztagarrien aldeko apustua berresteko. Guztira, 34 fabrika edo egoitza ditu Gamesak, horietatik 11 Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.