Gamesak eta SunEdison konpainiak (AEB) aurreakordioa sinatu dute, 2018ra bitartean parke eolikoak egiteko. Batez ere, Indiako eta Mexikoko hainbat proiektu jasotzen ditu bien arteko hitzarmenak. Behin betiko akordioa urtea amaitu aurretik lortzea espero dute.
Biek batera joint venture bat sortu asmo dute. Hau da, partaidetza erdibana izango luketen enpresa berri bat. Akordioaren arabera, AEBetako konpainiak konpromisoa du hainbat proiektu enpresa horren esku uzteko. Gamesak parkeetako aerogeneradoreak egingo lituzke eta mantentze lanak ere bai. Horrez gain, parkeetarako turbina gehigarriak ere Gamesari eskatuko lizkioke SunEdisonek.
Hain justu, aste honetan bertan beste kontratu bat sinatu du Gamesak, Txilen parke eoliko bat egiteko.