ENpresak

Gamesak beste 52 langile kaleratu nahi ditu, horietatik 35 Euskal Herrian

Azken urtean egindako kaleratze handien ondoren, aurten 31 milioi irabazi ditu enpresak. Itxialdia hasi dute langileek Zamudion eta Sarrigurenen.

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 20a
19:50
Entzun

Iazko abenduan abiatutako berregituraketa handian kaleratze andana egin arren (ia 700 langile, horietatik erdiak hemen), bere lan taldea gehiago gutxitzeko asmoa du Gamesak. Sindikatuei iragarri die aste honetan bertan beste 52 langile botako dituela. Horietatik 35 izango lirateke Euskal Herrikoak: 24 Sarrigurenen, zortzi Zamudion, bi Mungian eta bat Agoitzen, ELAk emandako datuen arabera. Bulegoetakoak dira denak.  Beste 17ak Madrilen eta Medinan izango dira, Espainian.

UGT, ELA  eta CCOOk agiri bateratu baten bidez salatu dute enpresaren asmoa, eta justifikaziorik ez dagoela ziurtatu dute. Protesta gisa, sindikatuetako ordezkariek itxialdiak hasi dituzte iluntzean Zamudioko eta Sarrigurengo egoitzetan. Gaur erabaki nahi dute zein protesta neurri hartuko dituzten, baina "gogorrak" izango direla aurreratu dio BERRIAri Arturo Gonzalez ELAko ordezkariak. Haren esanetan, "aitzakiak bai, baina arrazoirik" ez dizkiete eman Gamesako arduradunek. "Sektorean egoera zaila dela esaten dute, eta berregituraketarekin jarraitu behar dutela enpresaren geroa ziurtatzeko. Baina kontua da iaz finkatutako helburuak goitik ari garela betetzen".  

Azken hilabeteotan irabazietara itzultzea lortu du Euskal Herriko multinazionalak. Iaz, lehen bederatzi hilabeteotan, 67 milioi galdu zituen, eta, aurten, 31 milioi irabazi. Testuinguru zailean lortu ditu, gainera, batez ere AEBetako merkatuaren jaitsieragatik %20 erori baitira salmentak. Urrian berriro eskariek gora egin dute, eta azken asteotan berriro kontratu garrantzitsuak lortu ditu, Brasilen, AEBetan, Finlandian, Filipinetan eta Indian. .

300 milioiren zorra kendu du gainetik, baina oraindik 765 milioi zor ditu.

UGTk salatu du Gamesako langileen soldatak izoztuta dauden bitartean enpresak 18 milioi euroren bonus bat eman nahi diela bere arduradunei 2015. urtean. Haren iritziz, dirua aurrezteko saio bakarrak langileen soldatetan etorri dira. "Langileei botatzen diete beren kudeaketa txarraren errua". Gainera, UGT kexu da kalera joan diren asko Gamesarentzat lanean jarraitzen dutela, azpikontratatuta, eta lan baldintza kaskarragoekin. "Enplegua txikitzeko eta lan baldintzak okertzeko estrategia da hori".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.