Iaz urte amaieran ehunka langile kaleratu eta gutxira (horietatik 204 Nafarroan eta 30 Bizkaian), Gamesak indarrean jarri du beste berregituraketa sakon bat. Sindikatuei azaldu die itxi egingo dituela Tuterako lantegia (71 langile) eta Albacetekoa (243 langile), eta produkzio lerro bat kenduko duela As Somozasen (80 langile). Guztira 394 langileri eragingo die kaleratze espedienteak, nahiz eta Zamudioko enpresak esan duen Agoitzen (Nafarroa) langile batzuei lekua egingo diela. 115 kilometro daude Tuteratik Agoitzera.
"Erabakia gogorra da, baina ezinbestekoa da konpainiaren lehiakortasuna bermatzeko", justifikatu du Gamesak.
2013-2015 plan estrategiak aurreikusten du ekoizteko gaitasuna eskariara moldatuko duela. Krisiaren aurretik igoera handia izan zuen energia eolikorako materialaren eskariak, eta ekoizle guztiek hedapen plan anbiziotsuak egin zituzten. Baina krisiaren batera behera egin dute nabarmen inbertsioek Europan eta beste leku batzuetan, eta Gamesa ez ezik, haize erroten beste ekoizleak ere plantak ixten ari dira. "Arazo estrukturala du sektoreak", ziurtatu du Gamesak. "Antolaketa aldetik neurriak hartu behar dira konpainiaren etorkizuna bermatzeko, eta etorkizunari begira lehiakorragoa izan dadin".
Urteko lehen hiru hilabeteotan Gamesak 7 milioi euro irabazi zituen. Iaz, epe horretan 21 milioi galdu zituen.