Garoña hizpide zen egunean, su eta gar ona izan ziren akzio azoka berotzeko. 1.772 milioiren salerosketaren epela berritu zen atzo eta, akatsik gabe, Santander (+%1,72) eta Edurnezuri (+%0,72) izan ziren erreaktore nagusiak, zeinek 512 milioi eta 400 mugitu zituzten. Kurrinka ozenena Bankinterrek (+%8,78) egin zuen arren, Endesa (+%1,05) eta Iberdrola (+%1,01) lasai asko agertu ziren eta, beraz, Zapaterok Garoñaz 2011ra begira esandakoak alarma faltsutzat jo dituzte. Criteria (+%3,15) irribarretsu agertu arren, LaCaixaren bezero txikiei Saltzeko Eskaintza Publiko (SEP) kanpainan egindako promesarik ez du bete, eta 3,15 euroan da, merkaturatu zeneko 5,25 euroetatik argi urteetara. Ihes kaltegarriak Mapfrek eta Bolsas y Mercadosek berak izan zituzten, %2na pasako galera ez-erradioaktiboekin. Abengoa eta Telecinco ere %3na pasako indarrez agertu ziren, apustuak berriztagarriak diren seinale. Gamesa ere (+%2,01) airoso.
Danoneren (+%4,77) akzioa sasoi onean jarri zen atzo, Morgan Stanley analisi etxeak haren gaineko gomendioa hobetu ostean. Merkatuak batez beste izango duena baino bilakaera hobea izango du jaki enpresak, analisi etxearen ustez.
Unicaja Andaluziako aurrezki kutxak hiru urterako zorra jaulki du, Estatuaren abala baliatuz. Epe horretarako erreferentziako tasaren gainetik %0,62ko gainsaria ordainduko du. Horrenbestez, Espainiako 45 kutxetatik 18 dira abal publikoa erabili dutenak.
Gar ona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu