Garapenerako agindutako laguntzaren %20 ez da helduko, krisiaren ondorioz

Bidean geratu diren 15.000 milioi euroekin munduko haur guztiak eskolara joan zitezkeela nabarmendu du Oxfamek

Iker Aranburu.
2010eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Garapenerako laguntza handitzeko promesa erdizka bete dute munduko herrialde aberatsek. Azken bost urteotan, %35 handitu dute herrialde pobreen garapenerako ematen duten dirutza. OCDEren arabera, 2004. urtean 58.200 milioi euroko laguntza eman zuten, eta, aurten, aurrekontuetan diotena betez gero, 78.670 milioi euro banatuko dituzte. Arazoa da bidean geratu direla beste 15.000 milioi euro, duela bost urte Gleneaglesko goi bileran (Eskozia) herrialde agindutakoak. Errua krisiari egotzi dioAngel Gurria OCDEko idazkari nagusiak.

Azalpen horrek ez dio balio Oxfami. «Herrialde aberatsek ez dute aitzakiarik duela bost urte Gleneaglesen agindutakoa ez betetzeko», salatu du Emma Seeryk, gobernuz kanpoko erakunde horretarako Osasuna eta Hezkuntza Guztientzat kanpainako arduradunak. Eta bidean geratutako diruaren garrantziaz jabetzetzeko bi datu eman ditu Seeryk: «Diru horrekin munduko haur guztiak eskolaratzea pagatu daiteke, eta bi milioi ama eta seme-alaba txiroenen biziak salba daitezke; hortaz, herrialde aberatsenen hutsegitea eskandalua da».

Gurriak ziurtatu duenez, Afrikari egingo dio kalte gehien 2005eko helburuetan motz geratu izanak. Izan ere, kontinente hartara bideratu behar zen bildu ez den diruaren bi heren. Gleneaglesen agindu zuten 2004an baino 25.000 milioi dolar gehiago izango zituela Afrikak, baina horretatik 12.000 milioi baizik ez dira jaso. Jaitsiera hori Europako herrialdeei egotzi die Gurriak, haiek direlako Afrikara laguntza gehien igortzen dietenak.

Europako herrialdeei zein besteei promesei eusteko eskatu die OCDEko idazkari nagusiak. Batetik, krisi ekonomikoak garapenean dauden herrialdeei ere eragin dielako eta, hortaz, «herrialde pobreenen beharrak handiagoak direlako duela bost urte baino». Bestetik, Gurriak gogorarazi du orain laguntzetan pilatutako defizita berreskuratzea lan zailagoa izango dela.

Eskandinaviarrek gehien

Gleneaglesko goi bileran, 2005eko uztailean, herrialde aberatsek agindu zuten 2010erako beren NPG nazio produktu gordinaren gutxienez %0,51 garapenerako emango zutela. Barne produktu gordinaren antzekoa da NPGa, baina herrialde batean ekoitzitako ondasun eta zerbitzuen balioa neurtu beharrean, herrialde hartako enpresek herrialdean zein atzerrian ekoitzitakoaren balioa neurtzen du.

OCDEren aurreikuspenen arabera, helburua beteko dute Europa iparraldeko herrialdeek, hala nola Suediak (%1,03), Luxenburgok (%1), Danimarkak eta Herbehereek (%0,80).

Gutxieneko mugara heldu dira beste batzuk ere, nahiz eta esandakoa baino gutxiago emango duten aurten: Espainiak NPGaren %24 eman zuen 2004an, %0,59 agindu zuen, baina ozta-ozta %0,51ra iritsiko da(1.300 milioi euro gutxiago). Frantzia %0,46an geratuko da, 2004ko %0,41etik gora, baina agindutako %0,61etik urrun (4.100 milioi gutxiago).

Orotara, bide erdian geratu dira Gleneaglesen hitza eman zuten Europako Batasuneko hamabost kideak: %0,35etik %0,48ra igo dute laguntza, baina %0,59 promes egin zuten. Laguntza gutxien ematen dute Italiak (%0,20) eta Greziak (%0,21).

EBtik kanpoko herrialdeetan, berriz, Norvegiak %1eko promesa bete du, eta Suitzak agindutako %0,41 baino gehiago emango du, %0,47 alegia. Hitza bete dute beste AEBek ere, baina askoz gutxiago agindu zutelako: %0,17tik %0,20ra igo dute laguntza, eta %0,18ko promesa egina zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.