LABen apustua da ELArekin batera aliantza estrategikoaren aldeko urrats gehiago egitea, baina sindikatu abertzaleen artean "dena ez doa ondo", Garbiñe Aranburuk Onda Vasca irratiari esan dionez. Aranbururen arabera, "grebak eraginkorra izan behar du, eta ezin da bihurtu helburu bat bere horretan". LABeko buruak salatu du ELAk "kontakizun bat eraiki" duela azken asteetan, eta kontakizun horretan esaten dela LAB ez dagoela grebetan, eta horregatik ezin dela "aurrerapausorik eman". "Ez da egia", esan du Aranburuk.
"Sektore bakoitzaren errealitateari buruzko eztabaida" eskatu dio LABeko idazkari nagusiak ELAri, "greba molde eraginkorrenari buruz". LABen abiapuntua da langileei "kostu sozial txikiena eragitea" eta patronalari "handiena". Aitzitik, Aranburuk dio "sarritan" ELAk ez duela nahi "borroka helburuen eta metodoen eztabaidan sartu". LABeko buruaren arabera, ELAk "egin beharreko greba egunak" jartzen ditu eztabaidaren funtsean, "edo greba mugagabea egin behar ote den".
Aurreko astean LABek akordioak egin zituen Hezkuntza Sailarekin, haur eskolen, garbiketaren eta sukaldeen, eta heziketa bereziaren mahaietan, batzuetan bakarrik —haur eskoletan ordezkaritza nahikoa dauka—, eta beste batzuetan CCOO eta UGTrekin batera. Heziketa berezietako ituna, berriz, ez da gauzatu Steilasek ez duelako onartu. Irakasleen alorrean, aldiz, aurrera jarraitzen dute greba deialdiek, baita ELAk, LABek eta Steilasek osatu duten gehiengoak ere. Irakaskuntza publikoan islatu den batasun hori hautsi egin da, ordea.
LABeko buruak argi dauka "langile klaseak eta herri honen errealitateak" eskatzen dutela sindikatu abertzale nagusien arteko aliantzan sakontzea: "Baina, itxura batean, dauzkagun oztopoak gainditzeko saioa alboratzearen hautua egin du ELAk". ELAren kontakizuna "oso zaila da justifikatzea", Aranbururentzat. LAB ez dagoela grebetan esatea "gezurra da, eta ELAk badaki, baita langile kalseak ere LABen proiektua ezagutzen dutenean".