Garraiolari bat hil da Beran, gidatzen zihoan kamioia bidetik irtenda

Lanari eustea eta laneko segurtasuna bermatzea geroz eta bateraezinagoa zaiela esan du Hiruk

Erredakzioa
Iruñea
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Garraiolari bat hil zen atzo Beran (Nafarroa), gidatzen zihoan kamioia errepidetik atera eta iraulita. Hildako gizonezkoak, J. C. T.-k, 35 urte zituen, eta Huelvako (Espainia) Grupo Trans Onuba enpresarentzat lan egiten zuen.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 02:00ak aldera jazo zen ezbeharra, Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepideko 62. kilometroan, Bera parean. Itxura denez, kamioi-hozkailua errepidetik irten zen aurrena, maldan behera joan zen gero, eta irauli egin zen azkenik. Ibilgailua erabat txikituta gelditu zen, eta Oronozko eta Berako suhiltzaileek atera behar izan zuten langilearen gorpua handik. Hiru ordu behar izan zituzten horretarako. Guardia Zibilak bere gain hartu du istripuaren zergatiak argitzeko ikerketa.

Hildakoaren senide eta lagunei babesa adierazi die Hiru Euskal Herriko Garraiolarien Sindikatuak, eta gogor gaitzetsi du gertatutakoa.Haren esanetan, sektoreko langileen lan baldintzen ondorio dira horrelako istripuak. Inolako eskubiderik ez zaiela aitortzen uste du Hiruk, «amaigabeko eskakizunak eta presioa eguneroko ogia» dituztela. «Geroz eta bateraezinagoa zaigu gure ogibideri eustea eta gure segurtasuna eta lan baldintza duinak bermatzea». Horiek hala, erakunde publikoei larrialdiko neurriak hartzeko eskatu die sindikatuak, «haien ardura delako gizartearen zerbitzura lanean ari diren langileen segurtasuna bermatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.