Garraiolarien egoera hobetu ezean, Sintrabik azpiegitura lanak gelditzea aztertuko du

Eraikuntzari lotutako garraioa %60 jaitsi dela eta autonomoak egoera «dramatikoan» daudela ohartarazi dute

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Krisiaren ondorioz garraioaren sektorearen egoera txarra da, eta eraikuntzako enpresentzat lan egiten duten kamioilariena, berriz, «dramatikoa». Hala dio Sintrabi Bizkaiko garraiolari autonomoen sindikatuak. Besteak beste, prezioak kostuen azpitik jaistera behartu dituztela, jarduera %60 jaitsi dela eta ordainketak 180 egunez ere atzeratzen dizkietela salatu dute garraiolariek. Egoera «jasanezina» dela-eta, protestak egingo dituztela iragarri dute.

Ekonomiaren atzeraldiak «gehien zigortutako» taldeen artean egon arren gizartearentzat sektore «ikusezina» direla salatu du Amaia Martinez sindikatuko idazkari teknikoak. Administrazioek, halaber, sektoreko ordezkariekin biltzeko inolako asmorik ez dutela jakinarazi du, eta iragarri du garraiolarien egoera konpontzeko neurriak onartu ezean Bizkaiko azpiegitura handi jakin batzuen obrak, abiadura handiko trenarena kasu, geldiaraziko lituzketen lanuzteetara deitzeko prest daudela.

Aurretik protesta apalagoak egingo dituzte. Gaur, Trapagarango (Bizkaia) Aparcabisa industrialdetik Bilboko Jesusen Bihotzerako kamioi martxa egingo dute 10:30ean hasita.

Administrazioen «utzikeria»

Sintrabik Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzartzeko eskaerak egin izan ditu sektoreko arazoen berri emateko askoz, baina ez du lortu: «Garraioaren mahai soziala sortzeko eskatu diegu, eta erabateko utzikeriarekin erantzun digute». Bitartean, kamioien erdian geldirik daudela ohartarazi du Martinezek, «lanik ez dagoelako».

Garraiolarien egoera hobetzeko neurri jakinak ere plazaratu ditu sindikatuak: sektorearen berregituratzea, lanbidean bidegabe sartzearen galaraztea eta ordainketak jasotzeko 30 eguneko epea legez ezartzea.

Sintrabik dio gobernuen aldetik orain arte hartutako neurriak «eskasak eta eraginkortasunik gabekoak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.