Zuen aldarrikapen handienetakoa lortu duzue honezkero.
Zalantzarik ez dago albiste ona dela autonomoentzat, oraindik legearen letra txikia arretaz irakurri behar badugu ere. Urrats garrantzitsua da, baina soldatapekoekin parekatzeko asko falta zaigu oraindik. Zehaztutako tarteak arrazoizkoak dira, eta, abiapuntu gisa, onargarria da. Bi urte barru berrikusiko dutela dio legeak; emaitzak ikusiko ditugu.
Oraindik ez da legea onartzeko prozesua amaitu. Noizko espero duzue?
Bi ganberetatik igaro behar da onartu aurretik, baina esango nuke urtea amaitu aurretik martxan egongo dela.
Askok pentsatuko dute laguntza eske zaudetela. Baina zuek diozue ez duzuela diru publikorik eskatzen.
Gizarte Segurantzari soldatapekoek kotizatzen dioten moduan egingo genuke, gaur egun baino gehiago kotizatuta. Mailaketa bat dago, 48 hilabete kotizatuta urtebetez kobratzeko eskubidea egongo da. Autonomoen arteko elkartasunarekin funtzionatuko du. Espainiako autonomoek, bi milioi baino gehiagok, beren irabazien %2rekin zorte txarra duten autonomoak laguntzeko funtsa ordainduko dute.
Zer egin dezake, egun, autonomo batek jarduera eteten duenean?
Negozioa uztera behartuta dagoenean, autonomoak ez dauka ezer. Urteetako inbertsioa galdueta kale gorrian gelditzen zara. Pentsio pribatua duenak berreskuratzea besterik ez dauka.
Krisia gainditzen ari dela dioten honetan, zein da, gaur egun, autonomoen egoera?
Pixka bat hobera egin duela esan daiteke, baina urtebe baino gehiago daramagu krisiaren ondorioak pairatzen, eta orain lortutakoak ez du ematen galerak estaltzeko. Sektore guztietakoei egin zaie kaltea: merkataritza, turismoa, eraikuntzako talde guztiak...
Langabezia sariarena ez ezik, bestelako aldarrikapenak dituzue. Zeintzuk dira aipagarrienak?
Berankortasunaren legea ere batzorde batean eztabaidatzen ari dira Senatuan, eta onartzeko asmoa dutela dirudi. Administrazioek ordainketak egiteko 30 eguneko epea ezartzea eta enpresantzat 60 eguneko muga ezartzeaizango litzateke. Izan ere, udalen eta enpresa handien ordainketak berandutzeak autonomoei kalte handiak eragin dizkie.
BEZa aurreratu beharra kentzeko eskatu duzue ere.
Hala da. Fakturak kobratu edo ez, BEZa aurreratu behar ditu autonomoak. Kobratu arte ez ordaintzea eskatzen dugu. Estatua finantzatzen ari garela ematen du. Askotan ez daukazun dirua ere aurreratu behar duzu, eta horrek zulo larria eragiten dizu.
Gobernuen solaskide izateko helburuarekin sortu duzue elkartea.
Ordezkaritza antolatzen deneanadministrazioek badute norekin hitz egin; bestela, ezinezkoa dute autonomo guztiekin biltzea. Orain arte, inork ez gaitu defenditu, nahiko zarata gutxi egin dugu.
Alderdiekin biltzen ari zarete zuen egoeraren berri emteko.
Oraingoz EAJrekin bakarrik hitz egin dugu. Haien sostengua daukagu. Aitortu dute inoiz ez digutela kasurik egin, eta hori aldatu nahi dutela diote.
Autonomoen langabezia sarirako lege proiektua onartu dute aho batez
Langile beregainen aspaldiko aldarrikapenetako bat lege bihurtzeko beste urrats bat egin zuen atzo Espainiako Kongresuko Lan Batzordeak, autonomoek bere jarduera eten behar dutenean prestazio bat jasotzeko eskubidea arautzeko lege proiektua aho batez onartuta. Aurreikusi dutenez, maiatzaren 27an eramango dute Kongresuko bilkurara.Kotizatutako epearen arabera, autonomoek sei hilabete eta urtebete bitarteko prestazioa kobratu ahal izango dute. Hiru tarte ezarri dituzte proiektuan: 43 hilabete baino gutxiagoko kotizazioa dutenek urte erdiz jasoko dute laguntza; 43 eta 48 hilabete bitartean kotizatu dutenentzat zortzi hilabetekoa izango da prestazioa eta, azkenik, 48 hilabete edo gehiago dituztenek urtebeteko prestazioa kobratuko dute.