2013ko gastu aurrekontua %11,5 jaitsi nahi duela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak gaur aurreratu duenez; hau da, 1.200 milioi gutxiago izango dituzte, haren arabera. Osasunan, Hezkuntzan eta "oinarrizko" gizarte zerbitzuetan murrizketak ”ahalik eta txikienak” izaten saiatuko dela adierazi du, baina ez ditu erabat baztertzen, diru sarrerak eta zorpetzeko aukera asko jaitsiko delako.
Horrez gain, azaldu du langile publikoen soldata ez dela haziko. Ordezkapenak mugatuko dituztela eta langile kopurua ez dutela handituko. BPGa %1,1 eroriko da aurten, eta 19.000 lanpostu galduko dira. 2014an hazkundea itzultzea espero dute, baina %2tik behera. 2014an %1,2 haziko da ekonomia eta 6.000 lanpostu sortuko dira.
Jaurlaritzak martxoaren 12an onartuko ditu 2013ko aurrekontuak, eta ondoren aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean. EAJk 75 legebiltzarkideetatik 27 dauzka.
Ez du lansaria itzultzeko eskatuko, oraingoz
Jaurlaritzak jakinarazi du aldi baterako langileei ez diela eskatuko Gabonetako lansaria itzultzeko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki arte, behintzat.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Martin Garitano Gipuzkoakoa bihar bilduko dira Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin, bakoitza bere aldetik. Eta Jose Luis Bilbao Bizkaikoarekin datorren astelehenean batzartuko da Urkullu. Lehendakariak zerga politika berri bat proposatuko die ahaldun nagusiei bilera horietan.