Lan gatazkak

Gatazkan dauden lantegietako 19 enpresa batzordek bat egin dute enpleguaren defentsan

Martxoaren 9an manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean.

2013ko otsailaren 6a
16:09
Entzun

Lan gatazkak dituzten hemeretzi lantegitako enpresa batzordeek Enplegua defenda dezagun manifestua aurkeztu dute goizean, Bilbon. Martxoaren 9an Bilbon eta Iruñean manifestazioak egingo dituztela iragarri dute. “Bat egiten dugu, norberak bere errealitatetik, gure enpresetan egiten ari garen borrokek ez dutelako izan behar borroka indibidualak. Beharrezkoa ikusten dugu gatazka guztiak batera kalera ateratzea”, esan du Aitzol Oregi Cementos Lemonako beharginen ordezkariak.

Enpleguaren eta lan baldintzen kontrako erasoak lehen mailako arazo soziala direla esan dute: “Gizarte osoa ari direlako pobretzen eta miseriara kondenatzen”. Egoera jasanezina dela nabarmendu, eta enplegu politika eraginkorrik ez egotea gaitzetsi dute. “Ez dago enplegua sortzerik, ez dago enplegu duinik; langabezia eta pobrezia gehiago baino”, zehaztu du Oregik.

Lan erreforma aplikatzea enplegua suntsitzeko eta kaskarrago bihurtzeko modua dela salatu dute enpresa batzordeetako ordezkariek. Lana banatu ordez, enpresek kaleratzeetara jotzen dutela azaldu dute, eta kaleratzeak mehatxu gisa erabiltzen dituztela soldata eta lan baldintza kaskarragoak inposatzeko. “Ez dago konponbiderik espedienteen arauketaren bitartez”.

Enpresa batzorde eta gizarteko sektore gehiagoren atxikimendua biltzeko asmoa dute. Horregatik, langabeen batzordeei, gazteei, etorkinei, sindikatuei, eragile sozialei eta emakume taldeei dei egin diete eurekin batera kaleratzeei, lan erreformari, inposizioei ezetz esan eta enplegua defendatzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.