Merkataritza

Gauerdian jarriko dira indarrean Trumpen muga zergak

Europako Batasuneko altzairuak %25eko tarifa ordainduko dute AEBetan, eta %10ekoa, berriz, aluminioak.

Bruno Le Maire Frantziako FInantza ministroa eta Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkaria, Parisen. ETIENNE LAURENT / EFE
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 31
07:21
Entzun

Hirugarren luzapenik ez du jaso Europako Batasunak. Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkariak baieztatu berri du gauerditik aurrera muga zergak pagatu beharko dituztela orain arte salbuetsitako zenbait herrialde. Horien artean daude Europako Batasuneko 28 estatuak, Kanada eta Mexiko.

Erabakiak merkataritza gerra bat sortuko du Atlantikoaren bi aldeetan, Europako Batasunak dagoeneko iragarri duelako hainbat produktu estatubatuarren inportazioa zergapetuko duela. Bourbon whiskya, Harley Davidson motorrak, kakahueteak eta beste hainbat produktu ikoniko ditu begipuntuan Bruselak, horietako askoren ekoizleak Trumpen oso aldeko eskualdeetan daudelako.

Azken asteotan negoziazioak izan dira Washingtonen eta Bruselaren artean, "baina ez dira nahikoak izan", Rossen arabera. Edonola ere, muga zergak indarrean jarrita ere, "hitz egiten jarraitzeko" asmoa duela dio AEBetako Merkataritza idazkariak.

"Egun txarra da munduko merkataritzarentzat. Ahal duguna egin dugu emaitza hau saihesteko", erantzun du Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak. Baieztatu du EBk MME Munduko Merkataritza Erakundera joko duela AEBetako muga zergen aurka —"nazioarteko arauen aurkakoak dira"—, eta "berrorekatzeko neurriekin" erantzungo diotela Washingtoni.

Kezka Euskal Herrian

Muga zergek kalte egin diezaiokete Euskal Herriari ere, batez ere AEBetako gobernuak apustua handitu eta altzairua ez den beste produktu batzuk ere zergapetzen baditu. Izan ere, oparoa da Euskal Herriak AEBekin duen merkataritza harremana. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako esportazio guztien %6,75 AEBetara egin ziren 2017. urtean, 2.155 milioi euro inguru. Inportazioak, berriz, ez ziren iritsi 494 milioietara.

Euskal enpresek eta erakundeek kezkaz hartu dituzte muga zergak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.