Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, hiriko hiru autobusetatik bat ibili zen atzo Bilbon. Enpresak dio bete zituztela gutxieneko zerbitzuak. Zailtasunekin, ordea. Goizaldean, 05:00etan, lehen istiluak hasiak ziren autobusak gordetzeko lekuan, Elorrieta auzoan. Veoliaren arabera, langile andana bat bildu zen aparkalekuaren ondoan, eta autobusak irtetea galarazi zuten. Ertzaintzak hartu zuen esku. Langileek salatu dute behargin bat zauritu zutela, eta ospitalera eraman zutela.
Langile batzordeak dio grebaren arrazoi nagusia dela autobusek gaur egun duten egoera kaskarra, eta Bilboko Udalari ere kontuak eskatu dizkiote: «Udalak ez badauka dirurik autobus berriak erosteko, bilatu beharko du kalean dabiltzanek horretarako baldintzak izatea», adierazi du Pedro Angulok, langile batzordeko presidenteak. Gainera, salatu du lan baldintzek okerrera egin dutela Bilboko autobusen ardura Veoliak hartu duenetik: «Ez gaude prest urtetan lortutako eskubideak galtzeko, eta enpresak betetzen ez duen guztia salatuko dugu: ordutegiak, autobusen mantentze eza, pilatutako orduak ez errespetatzea, lan poltsako arauak ez betetzea...». Ondorioa atera du Angulok: «Era autoritarioan funtzionatzen du enpresak, lan harremanak alboratuta».
Veolia enpresaren ustez, aitzakiatan ari dira langileak: «Presio egiteko neurria da greba, lan itunaren negoziazioa hastear delarik egindakoa. Soldata igoera handia nahi dute», salatu du enpresako ordezkari Manuel Videk. 2008tik du Veoliak Bilbobusen ardura -eskaintza merkeena egin zuen-; ordutik, langileek urtero egin dituzte grebak, enpresak ez dituelakoan akordioak betetzen.
Langile «guzti-guztiek» egin zuten atzo greba, enpresa batzordeko presidentearen esanetan. «Oso-oso erreta daude beharginak, eta oso ondo erantzun dute». 700 langile ditu Bilbobusek. Grebaren parte-hartzeaz ez du daturik eman Veoliak. Salatu du «sabotaje handiak» jasan dituztela gutxieneko zerbitzuak egin behar zituzten autobusek, eta «ahalegin handia» behar izan dutela zerbitzua emateko. Enpresak esan du piketeak direla sabotajeen arduradun, eta langile batzordea jo du erantzule: «Ez da koherentea: esaten ari da flotaren alde egiten ari dela, gaur txikitu egin dute, eta ez du gaitzetsi». Langile batzordeko presidenteak dio haiek ez dituztela egin erasoak: «Ispilu hautsiak izan dira, baina ezeztatzen dut gu akusatzea erasoa beste edonork nahita egina izan daitekeenean». Enpresaren datuen arabera, 16 autobusek izan zituzten kalteak -13ri ispiluak hautsi zizkieten, eta beste hiruri, gurpilak zulatu-; horietako bat udaltzainek itzularazi zuten aparkalekura, gurpilak gaizki zituelarik zerbitzuan ari zelako.
Beste greba egun batera deitua dute dagoeneko beharginek: azaroaren 2an izango da, asteartez. Eta, aldaketarik ezean, azaroaren 9tik aurrera lanuzte mugagabea hasiko dute. Egoera iraultzeko asmotan, bihar bilduko dira enpresa eta langile batzordea. Hitz egitearen beharra nabarmendu du Angulok; enpresak dagoeneko adierazi du ez duela onartuko soldata igotzeko eskaririk.
Bilbobus
Tamaina. 700 langile ditu, eta 153 autobus. Iaz, ia 26 milioi bidaiari garraiatu zituen; alegia, egunean 70.560, batez beste. Udalak urtean 224 milioi ordaintzen dizkio enpresari.Enpresa. Frantziako Veolia enpresak kudeatzen du, 2008tik. Palestinako lur okupatuetako tranbia kudeatzen du, besteak beste, eta enpresa horrekin loturatik ez izateko eskatu izan diote Bilboko Udalari.
Greba egunak. Datorren astearterako, azaroak 2, deitua dute. Akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute azaroaren 9an.