Herenegun izan zuten albisteak hautsak harrotu zituen haien artean. Austriako A-Tec konpainiak, Babcock Power Españako jabeak, ordainketei aurre egin ezinean dagoela jakinarazi zuen. Langileek berehalako protesta antolatu zuten, eta BI-745 errepidea hogei minutuz ixtea lortu. Atzo izandako berriek, A-Tec taldeak %65,9ko galerak izan dituela burtsan, are gehiago zabaldu zuten etsipena: «Gehienek oso gaizki ikusten dute egoera». Gutxienez, konponbideak aldarrikatzeko batera aritzeko gai dira langile batzordean dauden bost sindikatuetako ordezkariak: CCOO, ELA, UGT, LAB eta ESK daude batzordean. Kaleak behar beste aldiz hartzeko gai direla erakutsi zuten berriz atzo, 08:00etatik 10:00ak arte lantegiko ateak itxita. Zuzendaritzako arduradunei eraikinean sartzea eragozteko helburua zuten, «beste ezeren aurretik gurekin bildu behar dutelako».
Enpresaren agintariekin ez ezik, Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietateko (SEPI) ordezkariekin ere batzartu nahi dute langile batzordekoek, haiek arduratu zirelako lantegiaren pribatizazio prozesuez. SEPIren Madrilgo egoitzarainoko martxa antolatzen hasi dira azaroaren hasierarako. Egungo langileak ez ezik, erretiroa hartutakoak ere eraman nahi dituzte, «indar egiteko». Ahalik eta autobus gehien mobilizatuko dituztela ohartarazi dute. Ordura arte, baina, ez dute geldirik egoteko asmorik. Datorren asteazkenean, hilaren 27an, egun osoko lanuztea egingo dute, goizeko seietatik hurrengo eguneko seiak arte, «hiru txandak bete arte». Protestekin batera, egun horietan zuzendaritza talde berria helduko zaiela jakin dute: «Ez dugu uste ezer konpontzera datozenik, enpresa likidatzera etorriko dira seguruenik, eta lehenengo egunean, behintzat, ez diegu barrura sartzen utziko».
Azkenaldiko albiste on bakarra izan dute Eusko Legebiltzarreko alderdiek Espainiako Gobernuari Babcockerako konponbidea eskatzea. EAJ, PP, Aralar, EA eta EB alderdiek egin zuten eskaera. Langile batzordeak PSEren babes falta deitoratzen du, besteak beste, Gasteizen eta Madrilen agintean dagoen alderdia haien egoera konpontzeko «giltza» dela badakitelako.
Historia korapilatsua
1918ko martxoaren 1ean, Sociedad Española de Construcciones Babcock Wilcox Española enpresa sortu zuen Euskal Herriko finantzari talde batek. Urte onak izan zituen enpresak, eta negozioa hedatzeko saioak ere egin zituen. Baina, 1980ko lehen urteetan gauzek okerrera egin zuten, eta 1983an Espainiako Industriako Institutuaren (INI) esku geratu zen, haren akzio guztiak bereganatu ostean. 1992an, TENEO erakundean sartu zen, INIren barruko enpresen artean irabaziak zituztenek osatu zuten erakunde berrian. 2001ean, berriz esku pribatuetara pasatu zen, Babcock Borsig Españak erosi baitzuen. Hark, baina, laster egin zuen porrot, eta SEPIren esku geratu zen atzera, 2004an AE&E austriarrari saldu zion arte.
Historia
1918. Finantzari talde batek Sociedad Española de Construcciones Babcock & Wilcox enpresa sortu zuen.
1983. Espainiako Industriako Institutuaren esku geratu zen.
1992. TENEO erakundean sartu zen, INIren barruko enpresen artean irabaziak zituztenek osatutako taldean.
2001. Esku pribatuetara pasatu zen berriro, Babcock Borsig Españak erosi zuelako.
2004. Aurreko jabeek porrot egin ostean, SEPIren esku geratu zen. Hark AE&E austriarrari saldu zion.