Gipuzkoako EHNEk kezkaz ikusi du ardi-gazta industriaren jokabidea. Azken asteetan gazta gutxi saltzen ari dela argudiatuta, industriak jakinarazi die bere hornitzaile diren artzainen esne gutxiago erosiko diela.
Sindikatuek azaldu duenez, urtebeterako kontratuek finkatzen dute industriaren eta artzainen arteko harremana, modu horretara artzainak jakin baitezake industriak zenbat esne erosiko dion eta zer preziotan. Baina kontratuen klausula batek dio industriak baduela aukera gutxieneko kantitate bat besterik ez erosteko. Gipuzkoako EHNEren arabera, hori egiten ari dira orain, koronabirusaren ondorioz gazta gutxiago saltzen ari direlakoan.
Jokaera hori kalte handia eragiten ari dela ziurtatu du Gipuzkoako EHNEk, gastu gehienak jada egin dituztelako artzainek. «Ardi horiek elikatzeko erabilitako belarra, forrajea, zaintza... artzainok aurrez ordaindu ditugu, esne litro kopuru bat atera eta horrekin bizirauteko soldata bat ateratzeko asmoz. Baina orain esan digute ez digutela agindutakorik jasoko, baizik eta kontratuan ezarritako gutxienekoa soilik».
Sindikatuak uste du administrazioak «sektoreak laguntzeko behar diren betaurrekoak» jantzi behar dituela. «Artzainok autonomoak gara, baina ezin dugu gure jarduna eten. Naturaren erritmoekin batera aurrera jarraitzen dugu, hau da, jarduna eteteagatik bideratutako diru laguntzek ez digute balio».
Herritarrek ere artzainei laguntzeko aukera dute esan du Gipuzkoako EHNEk. Dei egin die bertako gazta eros dezaten, mamia egin dezaten. «Artzainon etorkizuna, eta baserritarrena, inoiz baino gehiago, egun hauetan kontsumitzen dugunaren baitan egongo delako. Eros ezazue gazta, eros ezazue esnea mamia egiteko!».