Enplegua

Gazteentzako 5.000 lanpostu sortu nahi dituzte garapen agentziek

Kualifikazio handia duten 20 eta 35 urte bitarteko langabeak laneratzea du helburu Hazilan programa berriak.

Hazilan proiektuaren aurkezpena. Ezkerretik hasitan, Eli Urbieta Garapeneko kudeatzailea, Angel ToñaEnplegu sailburua, Fernando Nebreda Garapeneko presidentea, eta Iratxe Kortazar Hazilan programako arduraduna. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko otsailaren 24a
07:52
Entzun

Goi mailako ikasketak izanagatik lana aurkitu ezinik dabiltzan gazteen arazoari heldu nahi dio Garapenek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak. Kolektiboa ondo identifikatuta dute: 15.000 lagun dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Unibertsitateko ikasketak dituzte, edo Lanbide Heziketako goi graduak.

Langabe gazte horientzat da Hazilan programa, Garapenek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak gaur aurkeztu duten proiektua. Sei milioi euroko aurrekontua izango du. Diruaren erdia Europako Gizarte Funtsak jarriko du, eta gainerakoa garapen agentziak dauden udalerriek ordainduko dute.

Bost urtera begirako saiakera izango da. Bitarte horretan 5.000 gaztek lana lortzeko erronka ezarri diote euren buruari. "Gazteei aukerak eman nahi dizkiegu euren ibilbide profesionala hemen egin ahal izan dezaten", azaldu du Fernando Nebreda Garapeneko presidenteak aurkezpenean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualde gehienek parte hartuko dute, tokian tokiko agentzien bidez. Salbuespena hiru hiriburuak dira, Europako funtsak eskuratzeko eta programa propioak lantzeko aukera dutelako.

Emakumeen egoerari garrantzi berezia eman nahi diote. Langabe kualifikatuen multzoan hamarretik sei emakumeak dira. Emakume gazteei gehiago kostatzen ari zaie laneratzea; hori dela eta, sortzen lagundu nahi dituzten lanpostuen %55 haientzat izango dira.

Tokian tokiko langabeek eta enpresek Hazilanekin bat egin dezaten saiatuko dira. Eskualde bakoitzean izena emateko deialdiak izango dira, eta Lanbideren laguntza izango dute. Lehen urratsa gazteak aktibatzea izango da. Banan-banako arreta emango zaie gaitasun profesionalak lantzeko, entrenatzaile baten bitartekaritzarekin. Lan munduak gaur egun eskatzen dituen gaitasunak izango dira: talde lanean aritzea, proiektuak garatzeko gaitasuna izatea, edo lanerako autonomia izatea, esaterako.

Enpresekin hiru modutan ariko dira. Batetik, lanpostu zehatz baterako formakuntza eskainiko da. Kasu honetan, enpresak duen betebehar jakin baterako prestatuko dituzte langabeak, eta kontratatzeko konpromiso argi bat izatea eskatuko zaie enpresei. Laneratzean arrakasta handiena izaten duen bidea da, ibilibidea hasten dutenen %80k lortzen dutelako kontraturen bat. Beste bide bat enpresetan praktikak egin ahal izatea da. Azkenik, gazteak prestatuko dituzte enpresek garatu nahi dituzten proiektu berri zehatzak aurrera eramateko. Esaterako, nazioartera ateratzeko proiektu bat egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.