Berrikuntza nabarmena du aurtengo Maiatzaren Lehenak: gehiengo sindikala elkartuta aterako da bihar kalera, 2004tik lehen aldiz. ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk 2009an abiatu zuten elkarlanean urrats bat gehiago egingo dute langileen egunean. Euskal langileok gure baldintzak erabaki, badugu alternatiba leloa aukeratu dute.
CCOOk eta UGTk elkarrekin parte hartuko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Nafarroan.
1. Gehiengo sindikala
Ekitaldi nagusia Bilbon egingo dute, Jesusen Bihotza plazaren inguruan (Kale Nagusia, 85). 11:30ean hitz egingo dute Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak. Ondoren, 12:15ean, manifestazioa abiatuko dute udaletxeko zubiraino.
Ezker Abertzaleak eta Aralarrek bat egin dute gehiengo sindikalaren deialdiarekin, eta bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.
2. EAEko CCOO eta UGT
Elkarrekin egingo dituzte biharko mobilizazioak, Enplegua eskubideekin. Murrizketa sozialen kontra lelopean. Unai Sordo EAEko CCOOko idazkari nagusiak eta Damaso Casado UGTkoak Bilbokoan parte hartuko dute. Bilboko manifestazioa 11:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik Areatzaraino. Donostian eta Gasteizen manifestazioak 12:00etan hasiko dituzte, Alderdi Ederretik eta Andre Mari Zuriaren plazatik, hurrenez hurren.
3. LAB
Baionan LABek intersindikalak antolatutako manifestazioarekin bat egingo du, 10:30ean, Reduit plazan. Donibane Garazin eta Maulen, berriz, elkarretaratzeak egingo ditu: Donibane Garazin 12:30ean herriko etxearen aurrean, eta Maulen 11:00etan Gurutze Xuriaren aurrean. Maulekoa hainbat taldek antolatu dute, besteak beste ELBk eta Segik.
4. Nafarroako CCOO
Nafarroan CCOOk eta UGTk lelo bera erabiliko dute biharko mobilizazioetan (Enplegua eskubideekin, gizarte murrizketei ez), baina bakoitzak bere ekintzak antolatu ditu. CCOOk Iruñean egingo ditu hamaiketakoa, manifestazioa eta bazkaria. Manifestazioa 11:00etan abiatuko da, sindikatuaren egoitzatik (Zaragoza etorbideko 12.a), eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoaren aurrean amaituko da.
5. Nafarroako UGT
Irunberrin egingo ditu ekitaldia,omenaldia —sindikatuan 25 urte egin dituzten afiliatuei—, manifestazioa, bazkaria eta dantzaldia.
6. CNT
Sindikalismoa egiteko beste modu bat badagoela aldarrikatuko du CNTk Bilbon. Manifestazioa egingo du Kale Nagusiko 56. zenbakitik Arriagara arte, 11:30ean.
7. LSB-USO
Estatu sozialaren eta enpleguaren alde leloa aukeratu du. Manifestazioa egingo du 11:30ean, Bilboko Kale Nagusian.
8. Plataforma antikapitalista
Gipuzkoako Plataforma Antikapitalistak oinez egingo du Errenteria eta Donostia arteko bidea. Ibilbidea 10:00etan hasiko dute, Errenteriako zumarditik.
Gehiengo sindikala elkartuta aterako da bihar Bilbon
Krisiaren eta erreformen kontra hasitako bideak isla izango du Maiatzaren Lehenean ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu