Donostiako Bulebarrean, 17:30ean. Hara azaltzeko deia egin zuten sindikatuek. Eta hitzorduak arrakasta izan du. Antolatzaileek hala esan dute, behintzat, manifestazioaren bukaeran. Ordua jota hasi da ekimena. Ertzaintzaren bi furgonetak ireki diete bidea manifestariei. Haien atzetik, traktore bat. Gero, Erreformen aurrean langileok eredu berri bat idatzita zeraman pankarta. Segidan, ehunka lagun sindikatuetako banderolak eskuartean zituztela. Eta, haien tartean, bozgorailuz jositako kamioi txiki bat, aldamio batekin. Musika alaia, ozen, ekimena alaitzeko asmoz. Eta aldamioaren gainean, bi langile buzodun. Haiek izan dira manifestazioko deiadarren gidariak.
Zarautz, Aizarnazabal, Azpeitia, Elgoibar, Tolosa, Oiartzun, Errenteria... Gipuzkoako bazter guztietako jendea izan da Donostian, langileak ardatz izango dituen beste gizarte eredu bat galdegiteko. Pertsona gazteak asko, adinean aurreraturen batzuk ere bazeuden arren.
Xeberio Azkue emaztearekin etorri da, Debatik. Altzari fabrika batean lan egiten du eta 54 urte ditu. «14 urte nituenean hasi, eta bizitza gutzia daramat lanean. Erretiroa hartzeko amorratzen nago. Eta orain esaten didate 67 urtera arte lanean segi beharko dudala?». Horretarako eskubiderik ez dagoela dio. «Herria altxatzen inor ari bada, gu ari gara eguneroko lanarekin. Eta horren ordaina eman beharrean, dena gurekin pagatzen dute».
Iritzi berekoa da Alex Millan lezotar gaztea ere. «Gauzak gaizki badoaz, ez da langileon erruagatik. Baina, gure kontura konpondu nahi dituzte arazo guztiak». Espainiako Gobernuak datozen asteetan aurkeztuko duen lan erreformaren beldur da Millan. «Seguru orain baino baldintza okerragoetan utziko gaituztela gazteak, eta ez orain ondo gaudelako...». Enpresaburuen nahietara ibili behar izaten dutela dio, «orain lanera, orain kalera, orain lanera, orain kalera». Baina, uste du, erreforma berriak are kaleratze baldintza malguagoak ekarriko dituela. «Horrela ez daukagu etorkizunean pentsatzerik. Nola egingo ditugu proiektuak, inolako egonkortasunik ez badugu. Nahi dutena egin dezatela, baina ez langileon lepotik».
Ainara Saenz, berriz, donostiarra da, 35 urte ditu eta lanik gabe daramatza azken zortzi hilabeteak. «Zeuri gertatzen zaizunean konturatzen zara. Ni lanik gabe nago, eta ez dakit noiz arte. Langabezia saria jasotzen dut, baina hori ere laster bukatuko zait. Eta, gero, milioiak irabazten dituztenei Gobernuak sekulako laguntzak ematen dizkiela ikusten duzu. Eta zu berriz ezer gabe. Bidegabea da». Horregatik, horrelako protesta ekintzetan parte hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio: elkar babesteko, batetik; eta «guztion indarrak batuta gehiago egingo dugulako», bestetik.
Askatasunaren etorbidetik barrean, 19:00 aldera iritsi da manifestazioa bueltan, Bulebarrera.
GEHIENGO SINDIKALA. ESKUBIDE MURRIZKETEN AURKA. «Ez langileen lepotik»
Erantzun jendetsua jaso du sindikatuen deiak Donostian. Beste ezeren gainetik, langileak aintzakotzat hartuko dituen gizarte eredua aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu