2004tik lehen aldiz, euskal gehiengo sindikalak Maiatzaren Lehen bateratua egingo du aurten, gaur ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Bilbon jakinarazi dutenez. 2009an elkarrekin hasi zuten ibilbideari jarraipena emanez, ekitaldian parte hartzeko eskatu dute. Pozik agertu dira goizeko prentsaurrekoan, Maiatzaren Lehenean ere —Langileen Nazioarteko Egunean— indarrak batuko dituztelako.
Ez dira gustura agertu, ordea, egungo egoera dela eta. Arrazoi horregatik egin dute bateratzearen aldeko apustua, aitortu dutenez. “Hirugarren Maiatzaren Lehena da krisia hasi zenetik, eta urtez urte langileen egoera okertu egin da”, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi du “egoera honi aurre egiteko alternatibak" badaudela; “egiten ari diren politikak ez dira egin daitezkeen bakarrak”.
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk manifestaziora deitu dute Maiatzaren Lehenerako. Bilbon izango da —11:30, Jesusen Bihotza—, Euskal langileok gure baldintzak erabaki, badugu alternatiba lelopean. Igandea da aurten Maiatzaren Lehena.