Bat-batean eta bortitz. Geiser baten erupzio baten eran lehertu zen krisia Islandian 2008ko urriaren hasieran. AEBetan Lehman Brothers inbertsio bankua erori eta bi astera egin zuen eztanda ekonomiak Atlantikoaren iparraldeko irlan, eta dena aldatu zen goizetik gauera. Urriko bigarren astean, hiru egunen barruan, herrialdeko hiru banku nagusiek —Kaupthing, Landsbanki eta Glintir bankuek— porrot egin zuten, 25.000 milioi euroko zorrarekin —BPGaren %243—. Munduko herrialde aberats eta zoriontsuentzat jotzen zena nazioarteko ekaitz ekonomikoaren erdigune bilakatu zen. Hasierako harridurak izoztuta laga ostean, gizartea ere geiser baten antzera lehertu zen, eta Europa hegoaldean askok eredugarritzat jo duten bidetik joatera behartu dute agintea. Baina ibilbide hori ere argi-ilunez beteta dago.
Gainera, krisiaren eztandaren bosgarren urteurrena betetzear dela, islandiarrek eurek ere ez dute oso argi zein norabidetan jarraitu. Datorren zapatuan erabakiko dute hauteskundeetan hurrengo lau urteetarako gobernua, eta egungo ezkerreko koalizioak porrota espero du. Baliteke eskuineko alderdiek lortzea gehiengoa, baina herritarrek sortutako alderdi berriak ere indarrez sartuko dira legebiltzarrera (Piraten Alderdia, Mugimendua zein Alderdi Hobea). Halere, aukerak oso zabalik daude, herritarren %40ek oraindik ez baitute erabaki zer bozkatu.
MMR etxearen azken inkesten arabera, eskuineko Alderdi Aurrerakoiak irabaziko lituzke bozak botoen %32,7rekin, eta bigarren geratuko litzateke Alderdi Independentista eskuindarra, botoen %22,9rekin. Hain justu, bi alderdi kontserbadore horiek gobernatu izan dute irla 1927az geroztik —koalizioan zein bakarka—, eta haien pribatizazio politikek puztu zuten 2008an lehertu zen finantza burbuila.
Egungo gobernu koalizioko Ezker-Berdea Mugimenduak %8,1eko babesa jaso dezake inkestaren arabera —%22koa jaso zuen 2009an— eta Aliantza Sozial Demokratak botoen %10,4, duela lau urteko %30eko babesetik oso urruti. Hondoratu egingo da Johanna Sigurdardottir sozialdemokrataren gobernua, batez ere, ez duelako zor pribatuak itotako herritarren arazo nagusia konpondu. Babestu du ongizate estatua, ekonomia berriz ere haztea lortu du, baina ez du familien eta enpresa txiki eta ertainen gehiegizko zorra berregituratzen asmatu. Batez beste, familia bakoitzaren zorra urteko bere diru iturrien %250ekoa da.
Herrialdeko datu ekonomiko nagusiei lehen begiratua emanda Islandiak krisiari buelta ematea lortu duela irudi badezake ere, herritar askok itota jarraitzen dute bost urteren ostean —familia islandiarren %13 oso nekez iristen dira hilabete bukaerara Eurostaten arabera—, eta egunerokoan bizi dituzte corralito-aren estutasunak. Gizartea oso aktiboa izan da kalean zein sare sozialetan, baina oraindik ez dute ikusten erabateko aldaketarik izan denik.
Egindako bidearen itxaropenak eta emaitzen ezkortasunak erein dute gogaitasuna eta noraeza herritar askorengan. Datorren asteko hauteskundeetan finkatuko da aurrerantzean egin beharreko bidea, baina, lehenik, ezinbestekoa da atzera begiratu eta errepasoa egitea. Islandia egoera honetaraino ekarri duen bide bihurritsua ulertzea.
Presio eltzea
Paradisua zirudien Islandiak 2008aren aurretik. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko seigarren herrialde aberatsena zen, eta AEBetako per capita errenta bikoizten zuen, 2007an NBEk munduko estatu garatuenentzat jo zuen eta European Happy Planet indizeak Europako herrialde zoriontsuena izendatu zuen. Baina izotzaren uhartearen azpian, borborrean zegoen burbuila ekonomikoa. Presio eltze bat zuten islandiarrek zorionaren zorupean.
Geiserrekin gertatzen den bezala, Islandiako krisiak ere eztanda aurreko fase bat izan zuen. Fenomeno guztiz islandiarra da, eta berba bera ere islandierazko geysa-tik dator. Erupzioa esan nahi du. Bada, 1944ra arte uhartearen metropoli izandako Danimarkaren hiriburuko Danske Bank bankuak 2008ko urte hasieran aurreikusi zuen arazoa: "lehertzear" zegoen "geiser ekonomia" bezala deskribatu zuen.
Herrialdeko hiru bankuen aktiboen balioa Islandiako BPGaren %100 zen lehen, eta joan den hamarkadako lehen urteetan, ia %1.000ra pasa zen. Eskuineko gobernuak 2003an pribatizatu zuen banka, eta berehala egin zuten salto nazioarteko merkatuetara. Kaupthing bankua hamahiru herrialdetara hedatuta zegoen, eta Landsbankiren filial Icesave bankuak 400.000 norbanakoren eta erakunderen gordailuak zituen Erresuma Batuan eta Herbehereetan. Printzipioz toki segurua zen gordailuentzat, Islandia EEE Europako Ekonomia Eremuan zegoelako eta EEEk 20.000 euro arteko gordailuak ziurtatzeko sistema zeukalako —orain 100.000 euro arte daude ziurtatuta—.
Urte gutxitan puztu zen horrenbeste Islandiako banka sektorea. II. Mundu Gerraren ostean Europako herrialderik pobreenetakoa zen Islandia, baina Gerra Hotzean garrantzi politikoa hartu zuen AEBentzat, Europarentzat zein SESBentzat, eta 1951tik 2006ra AEBetako base militar bat izan zen bertan —armada bako NATOko kide bakarra da Islandia—. Ronald Reaganek eta Margaret Thatcherrek 1980ko hamarkadan hauspotutako neoliberalismoa berehala iritsi zen Atlantikoaren iparraldeko uhartera, eta gobernuak herrialdeko ekonomiaren oinarri nagusiak liberalizatzeari ekin zion: 1980ko hamarkadan arrantza sektorea pribatizatu zuen, 2003an banka sektorea, eta, irlak porrot egin aurretik, energia baliabide naturalak pribatizatzear zegoen gobernua. Krisiak saihestu zuen hirugarren pribatizazio bolada.
2003tik 2007ra bitartean, Islandiako burtsak bederatzi aldiz handitu zuen bere balioa, eta zergak oso txikiak ziren sozietateentzat (%18) eta kapitalarentzat (%10). Ordura arte lau hanka zituen ekonomiak: arrantza, energia, aluminioa eta banka. Urte gutxian arrantza sektoreak oinarri nagusia izateari utzi zion —BPGaren %12, eta esportazioen %40—, eta banka bihurtu zen nagusi.
Reykjavikek arrakastaren irudia saldu zuen. AEBetako eta Europako alderdirik onenak uztartu izana nabarmentzen zuen: ongizate nordikoa, estatubatuarren enpresa espirituarekin. Gizarte aurreratu eta zoriontsuaren mitoan sinistu zuten guztiek. Edo ia guztiek. 2006an Ametsen lurraldea: Autolaguntza eskuliburua izututako nazio batentzat liburua argitaratu zuen Andri Snaer Magnason idazle islandiarrak, eta best seller bihurtu zen. Boom ekonomikoaren alde ilunak eta arriskuak seinalatu zituen, eta neoliberalismoak harrapatutako gizarte bat deskribatu zuen.
Erupzioa
Presio eltzea 2008ko urrian pitzatu zen. Astebete iraun zuen puztutako banka sektorean oinarritutako ekonomiaren erupzioak, eta dena txikitu zuen. Hankaz gora laga zituen herrialdea eta islandiarren bizitza. Banku sektorea hondoratu egin zen. Atzeraldi sakonean sartu zen ekonomia. Koroa islandiarraren (herrialdeko moneta) balioa batez beste %40 jaitsi zen. Burtsa %76 hondoratu zen. Kapital mugimenduak izoztu zituzten. Inflazioa izugarri puztu zen. Zor publikoa ia hirukoiztu egin zen hiru urtetan. Beharrizan sozialak handitu ziren. Langabezia tasak %1etik %8ra egin zuen salto urtebetean, eta langabezia sarien kutxa agortzear egon zen. Hondamendi bat.
Hiru banku nagusiek atzerrian zuten zorra hain zen handia, gobernuak ezin izan zuen bere gain hartu, eta bankuei erortzen uztea erabaki zuen, arrapalada bizian sortu eta onartutako larrialdi legearen bitartez. Bankuen kiebra deklaratu, haien gaineko kontrola hartu eta uhartean zituzten gordailuak ordaintzeko ardura hartu zuen Geir Haarde kontserbadorearen gobernuak. Horrez gain, kapitalen ihesa saihesteko oraindik ere indarrean dauden kapital eta dibisa mugimenduen gaineko kontrol zorrotzak ezarri zituen: corralito-a.
NDF Nazioarteko Diru Funtsak 2.100 milioi dolarreko erreskatea eman zion Reykjaviki, eta beste 2.500 milioi hainbat herrialde nordikok eta Poloniak. Mailegu guztiak bezala, ez zen doako laguntza izan. NDFk austeritatea eskatu zion Islandiako Gobernuari: familientzat eta enpresentzat %30 inguru igo da presio fiskala, Europako BEZ arrunt altuena daukate (%25,5), erosketen saskia %40 hazi da eta soldatak, praktikan, erdira jaitsi dira.
‘Banksterren’ arrastoan
Austeritate neurriak ezarri dira beraz Islandian ere, baina ez Europa hegoaldeko estatuetan besteko bortizkeriarekin. Herritarren presioaren ostean eskuineko koalizio gobernuak dimisioa eman eta hauteskundeak aurreratu ostean, ezkerreko gobernu bat sortu zen 2009ko apirilean —86 urtean lehen aldiz—, eta hark marra gorriak jarri zizkion NDFk eskatutako austeritateari: egonkortasun sozialerako ituna sinatu zuen Reykjavikek.
Gainera, krisia urrian lehertu zenez, Islandiak dagoeneko bilduta zeuzkan 2009rako diru sarrera gehienak; horrela, lanpostu publikoei eta gastu publikoari eustea lortu zuen urtebetez —gutxieneko murrizketak eginda—, eta 2010ean ere ez zuen artaziak hezurretaraino sartu beharrik izan, ez zuelako bere gain hartu bankuen atzerriko zorraren zama.
Herritarren poltsikoari min handia egin zion monetaren %40ko debaluazioak; mesede, ordea, arrantza eta aluminio esportazioei, baita turismoari ere. Gainera, corralito-ak behartuta, bere baitan bilduta dago irla, eta negozioei mesede egin die inportazioak garestitu izanak, barne kontsumoa hauspotu duelako.
Bi urteko atzeraldi sakonaren ostean, 2011n iritsi zen berreskurapena. Urte horretan %3,1 hazi zen BPGa, langabezia tasa %8tik jaisten hasi zen, defizita ia erdira murriztu zen (%3,5), eta zor publikoak goia jo zuen BPGarekiko %99,2ra iritsita —harrezkero behera egin du urtero—. Greziaren, Irlandaren, Portugalen, Espaniaren eta Zipreren ametsa bete du Islandiak bi-hiru urtean.
Eginiko bidea, ordea, ez da ametsetako bide liluragarrria izan. Azken bost urteotan islandiarrek fronte ugaritan egin behar izan dute borroka aldi berean. Ekonomiari lotutakoen artean garrantzitsuenetako bi Icesave auzia eta krisiaren erantzuleak epaitzea izan dira.
Icesave bankuaren auzia luzea izan da, baina iragan urtarrilean lortu zuen Reykjavikek garaipen judiziala: Europako Merkataritza Libreko Erkidegoak arrazoia eman zion, 2008ko kiebraren ostean Erresuma Batuko eta Herbehereetako gordailuen galerak bere gain ez hartzeagatik. Irlak ez die kalte-ordainik eman beharko atzerriko aurreztaileei, islandiarrek bi galdeketetan eskatu bezala. Londresek lege antiterrorista ere erabili zuen Islandiako aktiboak izozteko, eta irla EBn sartzea oztopatzen ere saiatu zen, baina epaitegiek ez diote arrazoirik eman, eta kontinenteko bi gobernuek euren poltsikotik ordaindu die euren estatuetako aurreztaileei —4.000 milioi euro inguru—.
Judiziala da zabalik duten bigarren frontea ere: banksterrak —bankari eta gangster lotuta sortu dute hitza— aurkitu, epaitu eta zigortzen ari dira. Krisiaren eragileak (bankari, enpresari eta politikariak) juzgatzen ari da Landsdomur auzitegi berezia. Haarde lehen ministro ohia axolagabekeriagatik errudun jo zuen iaz, baina zigor barik aske geratu zen. Egun, bi bankari daude kartzelan, eta zabalik daude ikerketa kriminalak. Guztira krisiaren erantzuleak 40 bat lagun direla diote irlako hedabideek. Haarderen zigorrik bako kondenak indar sinboliko handia izan du, eta lortu dute eztabaida politikoan ohiko kontzeptu bihurtzea kriminalitate ekonomikoa eta indarkeria ekonomikoa.
Urak ubidera?
2008-2009ko negutik gaur arte egonkortu eta hobetu egin da Islandiako ekonomia. Baina itzuli da ura bere ubidera?... Ez dago hain garbi. Ekonomia hazten doa, NDFri urtebeteko aurrerapenarekin itzuli zion iaz erreskatearen bosten bat, estatuak nazionalizatutako hiru bankuetatik bi pribatizatu dira berriro eta banka sektorearen tamaina BPGaren %1.000tik %200era txikitu dute. Horrek ekonomia lau hankatan dibertsifikatzea ahalbidetu du: arrantza, aluminioa, banka eta turismoa.
Ez dute ongizate estatua desegin, baina konpondu gabe dago zor pribatu handiaren arazoa, eta corralito betean bizi dira oraindik, eta horrela jarraituko du epe ertainean. Iparraldeko Kuba ere deitzen diote islandiarrek euren buruari. Dena dela, Islandiak frogatu du badela krisiari aurre egiteko beste modu bat: ez da perfektua, baina behintzat gehiago hartzen ditu aintzat herritarrak.