AZTERKETA EKONOMIKOA

Geldoago haziko dira ekonomia eta enplegua, Confebasken ustez

«Nekez» eutsi ahal zaio kontsumoan eta eraikuntzan oinarritutako hazkundeari; industria «ezinbestekoa» da

2005eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gora, baina mantsoago. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ekonomia %3,1 haziko da 2006an, Confebasken aurreikuspenen arabera. Erritmo motelagoak traba egingo dio enpleguari: 17.000 lanpostu sortuko dira aurten baino 3.000 gutxiago, guztiak ere zerbitzuetan eta eraikuntzan. Industria «etengabe» lehiakortasuna galtzen ari dela eta, gura ala gura ez, oraingo hazkunde eredua «egokitu» beharra dagoela ohartarazi zuen patronaleko presidente Miguel Lazpiurrek atzo.

Kontsumoan eta etxebizitzan oinarritutako hazkundeari «nekez» eutsi ahal zaio luzaroan eta «ezinbestekoa» da ekonomia atzera industriari begira egotea. «Lehiakortasuna, inbertsioa, aurrezkia eta esportazioa zutarri edukitzea», zehaztu zuen Confebaskeko idazkari nagusi Jose Guillermo Zubiak.«Hazkunde eramangarriarekin» tematuta dago patronala. Ekonomia, hemen, batik bat barne eskariagatik hazi baita Europako Batasunean halako bi (%3,4), eta patronalak oso gogoan baitauka 80ko hamarkadan gertatutakoa. «Orduan ere herritarren gastuak eraman zuen ekonomia gora», Zubiaren hitzetan.«Kontsumoa murriztu eta krisialdi gogorra sufritu genuen». Euskal ekonomia «hazkunde jasangarriaren erronkari aurre egiteko gai» dela azpimarratu zuen, nolanahi ere.

Bat-egiteak, premiazko

«Lan kostuak zorrotz kontrolatu, kudeaketa sistemak hobetu eta epe luzera begirako estrategiak bultzatu behar dituzte enpresaburuek». Zubiak, bestela ere, I+G+In inbertitzen jarraitzeko eta nazioartera joateko galdegin zien ugazabei. «Internazionalizazioari sendo ekiteko, ordea, nahitaezkoa da gure enpresen tamaina txikiak eragindako arazoak amaitzea».

Bat-egiteak eta elkarlanerako akordioak aipatu zituen konponbide moduan. Enpresen eta, bereziki, industriaren buruhausteez jabetzeko eta babesa emateko exijitu zion Administrazioari, gainera. «Lan esparru egonkorra bultzatu behar du». Sindikatuei ere eskaerak egin zizkien: «Jarrera dogmatikoak baztertu eta gaur-gaurko egoerara moldatu behar dute». Ekonomia motelago ibiliko baita eta, langabezia %5 ingurura jaitsiko bada ere, industrian ez baita lanposturik sortuko. «Petrolioaren, lehengaien, prezioen eta lan kostuen garestitzeagatik».Are gehiago, kontsumoa eta eraikuntza ez dira haziko aurten bezainbeste. «Interes tasak igotzea litekeena delako, familien zorpetzea gora doalako eta etxebizitzaren merkatua nekatuta dagoelako». Enpleguaren gorakadak barne eskariari eutsiko dion itxaropena dauka patronalak. «Langabezia tasa %5,6 da, eta Europako ekonomia sendotu ahala, euskal industria ere sendotu egingo da».

BAKEGINTZA



 

«Bakea lortzeko premiak berezikienpresaburuoi eragiten digu»





«Bortizkeria amaitzea nahi du euskal gizarteak, eta, hain zuzen ere, nahi horren aurka doaz ETAren estortsio eta mehatxu kanpainak», salatu zuen patronaleko idazkari nagusiak. «Bakea lortzeko premiak bereziki enpresei eta enpresaburuoi eragiten digu, ekintza terroristak zuzenean jasaten baititugu». Bakea lortzeko bideak jorratzea politikarien lana dela zehaztu zuen Zubiak. «Alderdi guztien helburu garrantzitsuena izan behar du bakeak». Ohartarazi zuen, nolanahi ere, ez dagoela bakeaz hitz egiterik «talde batek erasoak eta mehatxuak sufritzen dituen bitartean». Zubiaren ustez, «zenbait apustu politiko sinesgarri izateko, nahitaez errealitateez lagunduta joan behar dute». Iraultza zerga delakoa hedatu egin den ez dakiela baina enpresaburuak «gogor eusten» ari direla azaldu zuen Lazpiur presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.