Ekonomia

Gerdauko langileak lanera joan dira, kaleratze mehatxuak jaso ondoren

ELAk eta LABek aste honetarako deitutako greba bertan behera uztea erabaki du langile batzordeak.

Berria.info
2013ko uztailaren 15a
18:22
Entzun

Gerdau enpresako langileek lanera joatea erabaki dute gaur goizean. ELA eta LAB sindikatuek aste osorako greba zuten antolatua, baina, asteburuan jasotako "kaleratze mehatxuen" ondoren, langile batzordeak lanuztearekin aurrera ez jarraitzea erabaki du. ELAk salatu duenez, asteburuan enpresak mehatxuak egin dizkie beharginei, lanera itzultzen ez baziren neurriak hartuko zituela esanez. Hala, "borrokan geldialdia egitea" erabaki dute. LABen esanetan, lan hitzarmenerako negoziazioetan "mehatxuan" eta "gezurrean" oinarritu da enpresa: "Barne araudiak argi azaltzen du aurreakordio bat ez dela zuzenean aplikatu behar. Greba legezkoa da, beraz". Joan den asteazkenean, lan hitzarmenaren akordiorako oinarriak sinatu zituzten Gerdauk eta UGT, CCOO, USO eta CSIF sindikatuek. Basauriko lantegian, ordea, langileen gehiengoak ez zion oniritzirik eman adostutakoari; 299 langilek akordioaren aurka bozkatu zuten, 207k alde, eta bi boto zuri izan ziren. Hala greban jarraitzea erabaki zuten.

UGT, CCOO, USO eta CSIF sindikatuek eta zuzendaritzak 2013-2016 urteetako lortu zuten akordioa igaro den astean. Besteak beste, enpleguari eutsiko ziola agindu zuen enpresak, eta 61 urtetik gorako langileei erretiro partziala emango ziela eta haien ordez gazteak kontratatuko dituela esan zuen. Trukean, 2016tik aurrera gaur baino zazpi lanegun gehiago izatea nahi du. Soldatak %12 jaistea ere proposatu zuen hasiera batean, baina horren ordez, soldata gordinaren %5 helburu batzuen menpe egotea hitzartu zuen.

ELAren arabera, UGTk eta USOk "traizioa" egin dute, euren afiliatuei lanera joateko eskatu baitiete. CCOOren jarrera zein izango den ikusi zain, langileek lanera itzultzea erabaki dutela esan du sindikatuak. "Hau da multinazionalak akordioaren onurez konbentzitzeko duen modua: ez bazaude ados, lanik gabe geratzeko aukera duzu". LABek UGTri eta USOri leporatu die "lan eskubideak saltzeko prest egotea". CCOOri bere jarrera argitzeko eskatu dio, berriz —aurreakordioa sinatu zuen CCOOk, baina langileen batzordeak erabakitakoa onartzeko prest dagoela esan du—: "Arazoaren parte ez bada, konponbidearen parte izan behar du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.