Europaren itzala gero eta handiagoa da Espainian, haren presioa gero eta estuagoa. 2010eko maiatzean, politika 180 gradu aldatzera behartu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu sozialista, eta, geroztik, pixkanaka, subiranotasuna galduz joan dira PSOEren zein PPren gobernuak. Iazko udan, EBZk merkatuetan esku hartu geroztik, prozesu hori azkartu egin zen, eta agerian geratu zen joera hori ekainean, 100.000 milioi eurora arteko finantza erreskatea hitzartu zenean. Alabaina, merkatuak ez dira asebete, eta hurrengo geltokia Espainia oso-osorik erreskatatzea da. Hona erreskate oso baten nondik norakoak:
1. Erreskatatuko al dute Espainia?
Espainiak gero eta arazo gehiago ditu merkatuetan finantzatzeko. Hamar urteko zor tituluak %7,4ko interes tasara ailegatu ziren atzo. Ideia bat egiteko: zor tituluak %8tik gorako interes tasetara ailegatu zirenean esku hartu zuen Europak Portugalen eta Irlandan. Oraindik ere marjina txiki bat geratzen da, baina horretarako merkatuen egungo joera erabat aldatu egin beharko litzateke. Bestela, lehenago edo geroago, erreskatea saihetsezina izango da.
2. Zenbat diru jarri beharko luke EBk?
Zalantza nagusietako bat da. Beharbada, ESM Europako Egonkortasun Mekanismoa funtsak berak ez du nahikoa dirurik horrelako erreskate baterako. Izan ere, uztail honetan abian jarri den ESMk 500.000 milioi euro ditu erabilgarri, eta, horietatik, Espainiaren 100.000 milioi finantza erreskaterako izango dira. Bestalde, 2011. urtea erreferentzia gisa hartuz gero , Espainiak iaz 180.000 milioi euroko finantzaketa lortu zuen merkatuetan. Hala, erreskate batek bi, hiru edo lau urteko koltxoia eman diezaioke Espainiari, kostu txikiagoetan merkatuen presiotik kanpo finantzatzeko. Erreskate horren truke, defizita azkarrago murrizteko neurriak ezartzera behartuko lukete Espainia, defizit txikiago batekin merkatuen menpeko izateari uzteko. Alabaina, erreformek datozen bi urtetako testuinguru ekonomikoa are gehiago zailduko diote.
Era berean, Espainiaren erreskate batek ESM funtsa hutsik utziko luke, eta, etorkizunera begira, beste su hesi handiago bat berriro negoziatzera behar dezake. Diru gehiago jarri ezean, Italia izango da merkatuen hurrengo biktima. Ez Espainiari ez EBri ez zaie komeni erreskatea, baina merkatuetako aktore batzuk horretara bultzatu nahi dituzte.
3. Zer egin behar da erreskatea saihesteko?
Erreminta EBZk du. Aurreko udan bezala, merkatuetan esku har dezake, baina Mario Draghi EBZko presidenteak esan du ez dagoela prest «Estatuen finantza arazoak konpontzeko». EBZk 19 aste darama merkatuetan esku hartu gabe. Beste aukera da, Joaquin Almuniak esan bezala, Espainiako Gobernuak EBri zuzenean eskatzea ESM funtsaren bidez zorra erosteko, merkatuetan tentsioa leuntzeko asmoz.
Espainiako Gobernuak marjina txikia du, epe motzera bat ere ez. Dena den, bere komunikazio estrategia goitik behera aldatu behar luke herritarren, EBko estatukideen eta merkatuen aurrean galdutako sinesgarritasuna berreskuratzen hasteko.
4. Zergatik dira merkatuak beldur?
Merkatuetan bi joera nabarmendu behar dira. Bata, mesfidantza. Espainiako zorra erosi duten inbertitzaile batzuk ez dira fio gezurrak etengabe esan dituen gobernuarekin. Murrizketen ondorioz, aurreikuspen ekonomikoak gero eta ezkorragoak dira, eta zalantza egiten dute zorra itzultzeko gai izango ote den %24tik gorako langabezia tasa duen herrialde bat. Mesfidantzak zorra erosteko eskaria txikitzen du, eta interes tasak garestitzen, gurpil zoroan sartuz. Ezin ahaztu, ordea, espekulazioaz. Espainia izan da euren hurrengo jomuga. Beldurra oso baliagarri zaie zorra salerosiz eta interes tasak igoz dirutza irabazteko. Euroa da azken helmuga.
5. Zer ondorio izango lituzke erreskateak?
Larriak, bai Espainiarentzat bai euroarentzat. Kolpe psikologiko handia izango da Espainiarentzat. Zaila da aldaketa politikoak aurreratzea, baina Grezian gertatu legez, mapa politikoa astindu egin liteke. Europa ez da gai izan dimentsio europarra duen krisiari konponbide oso bat emateko. Balizko erreskate batekin euroa bere azken fase erabakigarrian sartuko da. Azken fasean, Europaren krisi politikoa areagotuko da. EBren norabide aldaketa sakon bat izan ezean, iparraldeko eta hegoaldeko iritzi publikoak urrundu egingo dira, eta lehenago edo geroago, euroarenak egin du. Europa iparraldean badirudi zenbait agintari tentazio horretan erortzen hasiak direla, eta hegoaldekoak eurotik ateratzera behartu nahi dituztela. Espainian hasi dira eurotik ateratzeko ahotsak zabaltzen. Espekulatzaileek ondo ezagutzen dituzte pitzadura horiek, eta dirua irabazteko baliatzen dituzte. Horiek ari dira finantza gerra irabazten.
Krisia eurogunean. Espainia erreskatearen atarian
Gero eta estuago
Espainiak merkatuetan finantzatzeko gero eta zailtasun handiagoak ditu, eta, joera hori iraultzen ez bada, erreskatea saihetsezina daOndorio politiko handiak lituzke, eta fase erabakigarrian sartuko litzateke euroa bera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu